Erandioko PPk bandera eta ikur nazionalen legea betetzeko eskatu dio EAJk eta PSE-EEk osatzen duten Erandioko gobernu-taldeari. Gaur, otsailak 27, egingo duten Udalaren osoko bilkuran aurkeztuko dute mozioa, bandera udaletxeko balkoian eta bilkuren aretoan jar dezaten eta erregearen irudia "lehentasunezko lekuan" egon dadin exijitzeko.
Iker Iribarren Erandioko PPko ordezkariak adierazitakoaren arabera, "Espainiako bandera jartzea legezko betebeharra da, baita balio konstituzional eta demokratikoekiko errespetuaren erakusle ere, Udalak Erandioko herritar guztiekin duen konpromisoa erakutsiz". Iribarren arabera, hainbat eskari formal egin dituzte legea bete dadin, baina erantzun administratibo eza dela-eta, aipatutako gaurko mozioa aurkeztea erabaki dute.
Hala, PPko bozeramaileak ultimatuma adierazi dio Aitziber Oliban EAJko Erandioko alkateari: bandera eta ikur nazionalen legea berehala bete edo Administrazioaren Auzien Bilboko epaitegietara eramango dute kasua.
"Inposizioei ez"
Gauzak horrela, "inposizioen aurrean, gure ikurriña" lelopean elkarretaratzea egingo dute gaur, eguena, 19:30ean, udaletxe aurreko plazan.