Loiuko aireportuak gero eta eragin handiagoa duela salatu dute Erandioko auzokideek

Iker Rincon Moreno 2025ko mai. 20a, 11:15

Hegazkin bat, artxiboko irudian.

Loiuko aireportuaren itzalean bizi den auzoa da Erandiogoikoa, non hegazkinen burrunba ez den atzeko soinu huts bat: eguneroko bizimodua baldintzatzen duen faktore etengabea da. Hala salatu dute Auzokoa Herrikoi Elkarteak eta Herri Bibeak Kate Barik Elkarteak, urteak baitaramatzate aireko trafikoaren gero eta eragin handiagoaz eta aireportuko azpiegituraren hedapenaz ohartarazten.

Elkarteek bildutako datuen arabera, 2024an batez beste 123 hegazkin igaro ziren egunean Erandio gainetik, eta ordu jakin batzuetan hiru minutuan behin pasatu ziren. Aste Santu honetan, gainera, aurreko urteko datuakaz alderatuta %15 gehiago izan dira hegaldien kopurua. Ez da, beraz, une jakin batzuetako arazoa: zarata etengabea da. “Jasaten dugun zaratak ez ezik, bere iraupen jarraituak ere kontzentrazioa ezinezko bihurtzen du”, salatu dute.

Arazoa, gainera, ez da akustikoa soilik. Auzokideen elkarteen esanetan, hegaldien ibilbidea aldakorra da aireontzi motaren, eguraldiaren edo trafikoaren arabera, eta horrek “kono sonikoa” deritzon zarata-gunearen aztarna zabaldu egiten du, aurreikuspen argirik gabe fluktuatzen duena. “Zarataren mapa estrategikoak ez du gure eguneroko errealitatea islatzen”, diote bizilagunek. Horrez gain, gaitzetsi dute mapa horretan ez direla kontuan hartzen hegaldi militarrak, larrialdikoak, pribatuak eta abiazio-eskoletakoak.

"2022an 44.919 hegaldi izan ziren; 2024an, berriz, 52.538. Zenbat izango ditugu 2029an?"

Nahiz eta hegaldien ordutegi ofiziala 7:00etatik 23:00etara izan, auzotarrek aireratzeak dokumentatu dituzte 6:45etik gauerdira arte. “Ez da salbuespena, ohikoa baizik”, adierazi dute, eta eskatu dute gaueko hegaldi horiek ere mapa ofizialetan jaso daitezela. Ondorioak nabarmenak dira: loaren etenak, nekea, antsietatea eta segurtasun falta.

Horrez gain, bizilagunek salatu dute Isolamendu Akustikoko Planak (PAA) etxebizitza ugari kanpoan uzten dituela, “nabarmen kaltetuta egon arren”. Hala, kono sonikoaren barruan dauden etxe askok ez dute babes ofizialik aitortuta.

Arazoa, zarataz harago

Gogoratu dutenez, aireportua berotegi-efektuko gasen eta partikula ultrafinen emisio-iturri handia da. Partikula horiek odol-zirkulaziora irits daitezke, eta auzoko baratze eta fruta-arboletan metatzen dira. “Erandioko landa-eremua kutsatuta dago”, ohartarazi dute.

Horrez gain, bereziki kezkagarria da, haien ustez, erabilera handiena duen pistaren alboan lindanoko gelaxka bat egotea. “Zer gertatuko litzateke istripuren bat izanez gero?”, galdetu dute. “Ingurumen-inpaktuaren azterlanean bertan jasota dago haize nagusiak ekialdetik datozela eta kutsadura mendebaldera bideratzen dutela, gure udalerria bete-betean kolpatuz”.

Gardentasun instituzionalik eza

Auzoko elkarteek ez dute ezkutatzen Udalaren jarreragaz duten desadostasuna. Alkatea aireportuaren ingurumen jarraipen-batzordeko kide izan arren, ez dute horren inguruko informazio publikorik aurkitu, ezta egungo zarata-mapa estrategikoaren faseari buruzko udal alegaziorik ere. “Gardentasuna, informazioa eta babesa eskatzen ditugu”, adierazi dute. “Gardentasuna, aireportuak eragiten dizkigun kalteak ezagutzeko; eta aholkularitza, eskubideei buruz informazioa jasotzeko. Adibidez, zortasun akustikoaren barruan dauden etxebizitzak identifikatu eta guztiei isolamendu akustikoko planaren eskubidea aitortzea, gaur egun argitu gabe dagoena”.

Orekarako neurriak, bizikidetzaren alde

Aireportuaren aurka agertu ordez, elkarteek garapenaren eta ingurumen-eraginaren arteko oreka bilatzen duen bizikidetza iraunkorrerako eredua proposatu dute. Besteak beste, honako neurriak eskatu dituzte: gaueko hegaldien murrizketa zorrotza, 22:00etatik 07:00etara; orduko eta eguneko hegaldi kopuruaren mugak ezartzea; trafiko zati bat beste aireportu batzuetara (Foronda, Hondarribia, Iruñea) bideratzea; altuera baxuko hegaldien debekua, babes akustikoko eremuetan; ingurumen-neurketa estazioak bizitegi- eta landa-auzoetan ezartzea; zarataren eta kutsaduraren ondorioak neurtzeko osasun publikoko programak abiaraztea; kaltetuei konpentsazio ekonomiko eta fiskalak eskaintzea; landa-eremua basoberritzeko eta babesteko planak egitea; eta isilagoak eta gutxiago kutsatzen duten aireontzien erabilera sustatzea, besteak beste.

Amaitzeko, auzokideek dei egin diete erakunde guztiei —Erandioko Udala, Eusko Jaurlaritza eta AENA barne— osasuna eta ingurumena errespetatzen dituen aire-trafikoaren alde lan egin dezaten, zientzian, elkarrizketan eta plangintzan oinarrituta.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun