Koalizio abertzaleko kideen arabera, 2016an Erandioko udal-brigadak 30 langile zituen, besteak beste, operarioak, igeltseroak, lorezainak edo basozainak. Gaur egun, lanpostu gehienak hutsik daude edo behin-behineko langileakaz estalita daude, eta baliabide materialak ere "eskasak" dira.
"Langileek beren eskuekin eta furgonetekin eraman behar dituzte materialak, kamioirik eta txoferrik ez dagoelako", salatu dute. Gaineratu dutenez, azken urteetan brigadaren ohiko lanak hala nola, jaietako azpiegituren muntaketa, kanpoko enpresei enkargatzen zaizkiela, "garestiago eta kontrol publikorik gabe".Horren ondorioz, udalerrian "espaloiak konpondu gabe, farolak hautsita eta altzari publiko kaskarrak" daudela ohartarazi dute.
EH Bilduk adierazi du zenbait iturrik baieztatu dutela gobernu taldeak "udal brigadaren behin betiko desegitea" erabaki duela, eta hori pribatizazioaren bidean "urrats kezkagarritzat" jo dute.
Mozioan, honako hauek eskatuko dituzte: Lanpostu hutsak berehala betetzea, 2023ko Enplegu Publikoaren Eskaintza (EPE) deialdia lehenbailehen egitea, Gainerako lanpostuak hurrengo EPEan sartzea, brigada berrantolatzeko eta indartzeko plan zehatza aurkeztea eta brigadaren funtzioak ez pribatizatzea.
Azkenik, azpimarratu dute "zerbitzu publiko duinak, lan-baldintza duinak eta auzo zainduak" gura dituztela, eta Udalak "brigadari dagokion balioa itzuli behar diola". Mozioa uztailaren 29ko osoko bilkuran eztabaidatuko dute.