Erandioko Udalak azaldu duenez, aldaketa honen jatorria duela hilabete batzuk Aranzadi Zientzia Elkarteagaz elkarlanean egindako txostenean dago. Horretan, ondorioztatu zuten Jose Luis Goyoaga Escario frankismoaren "egitura errepresiboaren parte-hartzaile" izan zela, hainbat kargu publiko betetzeaz gain, langile publikoen aurkako jazarpena ere gauzatu baitzen bera Bizkaiko Foru Aldundiaren buru zen garaian. Hori dela eta, haren izena kale izendegitik kentzea egungo legediaren arabera beharrezkoa zela ondorioztatu eta aldatzea erabaki zuen Udalak.
Zeregin horretarako, maiatzean izendapen berria erabakitzeko herritarren proposamenak jaso zituzten eta guztira 61 aukera jaso zituzten. Hauek izan ziren proposatutako izenak eta bakoitzak jasotako bozketa-kopurua: Zirgariak (40 boto), Zamaketariak (24 boto), Mari, La Caramelera (13 boto), Carmelita (11 boto), Zapatazulo (4 boto), Azaroaren 25a (3 boto) eta Benardina Ojinaga Ojinaga (2 boto).
Erabaki horregaz, Erandioko Udalak XIX. mendearen amaieran Bilboko itsasadarrean jardun zuten emakume zirgari langileen lana omendu gura izan du. Emakume horiek euren gorputzen indarragaz, merkantziaz betetako gabarrak korrontearen kontra arrastatzen zituzten, Bilboko itsasadarrean gora.
"Langile haien memoria berreskuratzeagaz, gure herriaren historia eta emakumeen ekarpen ikusezina bistaratzen dugu", adierazi dute Udaletik.