Astrabuduko Haurreskolako familiek salatu dute "onartezina" dela euren seme-alabek bizi duten egoera, aire giroturik gabe egoten baitira egunero haureskolan, eta azken egunotan 30 gradutik gorako tenperaturak izan dituzte gelatan.
Gauzak horrela, Erandioko Udalari "berehalako irtenbideak" eskatu dizkiote. Sare sozialen bidez zabaldu duten mezu baten bidez azaldu dutenez, 0 eta 2 urte bitarteko umeek egunero jasan behar izaten dituzte udako bero handiak aire giroturik gabe, eta egoera hori "ez da onargarria, umeen ongizatea eta erosotasun minimoak ez direlako bermatzen".
Familiek diote aire girotuko sistema martxan jartzeko beharrezkoa dela Udalak egiteko dituen lan batzuk bukatzea. "Bitartean, haur txikienek pairatzen dituzte ondorioak, egun osoa igarotzen baitute bertan, eta baldintza egokirik ez duten espazioetan egoten dira", gehitu dute.
Era berean, azpimarratu dute "ezin dela ulertu" 2025ean, eta bero-boladak gero eta ohikoagoak direnean, umeei zuzendutako instalazio publikoek ez izatea baldintza egokietan funtzionatzeko aukerarik, "burokrazia edo aurreikuspen faltagatik". Horregatik, familiek Erandioko Udalari eskatu diote "berehala esku har dezala" eta lehentasunez konpon dezala arazo hau.
"Epe laburrean erantzun eraginkorra nahi dugu. Gure seme-alabek merezi dute", adierazi dute familiek, eta batzuk dagoeneko zuzenean jarri dira harremanetan Udalagaz kexak aurkezteko.