Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako Sailak jakinarazi duenez, gaurtik abuztuaren amaierara arte, Kukularrako zubibidearen hobetze-lanak egingo dituzte BI-30 errepideko 11+800 eta 12+050 kilometroetako puntuen artean, Erletxera norabidean. Esku-hartze horren bitartez, 80ko hamarkadakoak diren uhindu bikoitz zaharra kendu eta euste-maila handiko pretil berria jarriko dute, segurtasuna eta egitura modernizatzeko helburuagaz.
Horretarako, galtzadaren kanpoaldeko erreia itxiko dutela jakinarazi dute, espaloia eta zerbitzu-hodia eraitsi ahal izateko; 2018an, antzeko esku-hartzea egin zuten kontrako noranzkoan. Hala, Enekuritik datozen ibilgailuek bigarren erreia erabili ahal izango dute oraindik, baina Txorierriko enborrean errei bira murriztuko dute zirkulazioa, eta Leioarako bidegurutzea errei bakarrera mugatuko da.
Lan horiek udaldian egingo badituzte ere, trafiko gutxieneko sasoia baita, ohartarazi balitekeela auto-ilara puntualak sortzea. Aldundiak egindako simulazioen arabera, ilarak lanegunetan izango lirateke 15:00etatik 16:30era, eta Artxandako lotuneraino irits daitezke, baina ez Larrondokora. Bidaiak batez beste hiru minutu luzatuko direla ere aurreikusi dute.
Azaldu dutenez, Kukularrako lanak Bizkaiko Foru Aldundiaren azpiegitura eta bide-segurtasuna modernizatzeko estrategiaren parte dira, eta beste hiru egituragaz batera gauzatuko den birgaitze-proiektu batean txertatuta daude. Guztira, 3,2 milioi euroko aurrekontua izango du esku-hartze multzoak.