Erandioko Udalak eta Euroestudios-Erarq UTEak 2025eko maiatzaren 7an sinatutako kontratuaren bidez, udalerriaren hurrengo urteetako antolamendu urbanistikoa diseinatzeko lanak abiatu zituzten.
Azaldu dutenez, Udalak helburu bikoitza jarri dio prozesuari: batetik, herritarrei lanen berri ematea, eta, bestetik, euren iritzi eta proposamenak jasotzea. Horretarako, hainbat jarduera aurreikusi dituzte, hala nola auzoka egingo dituzten informazio-saio irekiak, kolektiboakaz bilera espezifikoak eta diagnostiko partekatuaren elaborazioa.
Gainera, planeamenduaren webgune berezi ere bat aktibatuko dute Erandio Parte Hartuz atarian, eta bertan, dokumentazioa kontsultatu eta ekarpenak egin ahalko dira, besteak beste. Era berean, Udalak egitasmoaren berri emateko kanpaina informatibo bat ere egingo du, kartel, sare sozial eta komunikazio-kanaletan.