Erandion 366.000 euro bideratuko dituzte udal-ikastetxeetan hobekuntzak egiteko

Ander Zarraga 2025ko uzt. 18a, 18:14

Besteak beste, Astrabuduko Ignacio Aldekoa ikastetxean egingo dituzte konponketak. © ERANDIOKO UDALA

Udan ikasleak oporretan daudenez,Erandioko Udalak lanak egingo ditu udalerriko hiru ikastetxe publikotan, Altzagan, Ignacio Aldekoan eta Goikolandan, mantentze-lanak eta segurtasuna hobetzeko helburuagaz. Udaleraiki programaren barruan Eusko Jaurlaritzari laguntza ekonomikoa eskatu dioten, baina udal-gobernuak azaldu duenez, "dirulaguntzaren ebazpena iritsi gabe egon arren, lanak aurrera eramango dira".

Batetik, Altzagako ikastolan bandalismoaren ondoriozko kalteak konponduko dituzte eta sarrera baimenik gabe detektatzeko sistema bat jarriko dute. Horrez gain, segurtasuna hobetuko dute ate metalikoetan eta eskaileretako elementuetan. Bekoa eraikinean irisgarritasuna hobetzeko arrapalak eta eskailerak ere eraikiko dituzte, gimnasioaren akustika hobetu, Kukularra eraikin nagusiko kanpo-zurgintza konpondu eta Txapela eraikin kirolgunean saskibaloi kantxako kanasta berriak jarriko dituzte.

Bestetik, Ignacio Aldekoa ikastetxean, haurtzaindegiko patioaren zorua konponduko dute putzuak saihesteko, eta robinia zuhaitzen artean kokatutako jolas-eremuko lurzorua ere hobetuko dute. Era berean, eraikinen fatxada eta hegaletan arrakalak saihesteko arriskuen kontrola egingo dute, eta jangela-gelaren akustika hobetu eta kanpo-zurgintza berrituko dute.

Azkenik, Goikolanda ikastetxean kanpo-zurgintzako giltzak seguruago batzuengatik ordezkatuko dituzte.

Lan horiek ikastetxeen mantentze-lanen eta zuzendaritzen eskaeren barruan daude, eta oporraldian gauzatuko dituzte, ikasleen jarduerak etenik izan ez dezaten.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun