Erandioko Udaleko alderdi politikoek adierazpen bateratua egin dute poliziaren aurkako pintadak salatzeko

Ander Zarraga 2025ko abu. 8a, 17:14

Udaldi honetan beste udalerri batzuetan azaldutako pintaketak.

EAJ, PSE-EE, Elkarrekin Podemos eta PPk gaitzespen irmoa adierazi dute Erandioko gune publikoetan agertu diren mezu "antidemokratiko eta gorrotagarrien" aurrean.

Erandioko Udaleko lau udal-taldeek —EAJ, PSE-EE, Elkarrekin Podemos eta PP— adierazpen bateratua sinatu dute azken egunetan herriko gune publikoetan agertu diren poliziaren aurkako pintaden harira. Bere aldetik, EH Bilduk, Udaleko bigarren indarrak, ez du adierazpenak babestu. 

Mezu horietan, besteak beste, "Fuck police" edo "Denok gorroto dugu polizia" adierazten zen, eta udal-taldeek nabarmendu dutenez, "gorrotoa sustatu" eta "elkarbizitza urratzen duten mezuak" dira.

Adierazpenean gogorarazi dute Udaltzaingoa eta Ertzaintza Estatu demokratikoaren eta zuzenbidearen tresnak direla, eta beren eginkizun nagusia legez kanpoko jarduerak jazartzea eta herritarren arteko elkarbizitza sustatzea dela.

Lau talde politikoek "ekintza antidemokratiko eta gizalegearen kontrakoak" direla azpimarratu dute, eta ohartarazi dute horrelako jarrerek ez dutela tokirik Erandion. Hala, gaitzespen irmoa helarazi diete pintadak egindako pertsonei eta herritarren arteko errespetua eta elkarbizitza defendatzeko konpromisoa berretsi dute.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun