Desierto izena itsasadarraren bi ertzetan erabili izan da urte luzez: Erandio Desierto Eskuinaldean eta Barakaldo Desierto Ezkerraldean, nahiz eta inguruan inoiz basamorturik egon ez den. Zehazki, Desierto izenak Eskuinaldeko Udondo eta Asua ibaien arteko eremua eta Ezkerraldeko Galindo eta Portugalete artean kokatzen den gunea hartzen ditu.
Izen horren jatorria XVIII. mendera garamatza, eta karmeldar oinutsen komentuan du abiapuntua. Erlijioso ordena horretako fraideek otoitz eta meditazio giroan bizitzeko leku isolatu eta xumeak bilatzen zituzten; desertu-etxe edo erretiratze-leku horiek "desierto" izena jasotzen zuten. Hala, 1719. urtean, Bizkaian euren egoitza jartzeko leku bila etorri ziren karmeldarrek bertan komentua eraikitzeko baimena jaso zuten, eta egun Sestaoko lurretan dagoen Ugarteko San Nikolas izeneko irlan ezarri zuten eraikina.
Urteakaz, leku hori izendatzeko modua aldatzen joan zen, eta Desierto forma nagusitu zen. Izen hori, halaber, itsasadarraren alde bietara hedatu zen; izan ere, gaur egun Altzagan kokatzen den moilara iristen zirenek "basamortura» zihoazela esaten zuten eta, gerora, Desierto izendapena auzo osoa izendatzeko hedatu zen.
Komentuaren aztarnak inguruan garatutako industria astunaren lantegien azpian geratu ziren lurperatuta, eta, gaur egun, ez da haietatik ezer geratzen. Hala eta guztiz ere, izenak iraun egin du, herri-hizkeran eta dokumentu ofizial batzuetan.
Desierto izenaren lehen agerpen dokumentatua 1892koa da. Dena dela, horren aurretik, XVII. mendean, Alzaga edo Alzagaz formak ageri ziren auzo horri erreferentzia egiteko. Izen horren jatorria haltza zuhaitzetan (Alnus glutinosa) dago, izan ere, altzaga euskaraz haltzadi ugari dagoen tokia da, ibaiertzetako eta gune hezeetan hazten diren zuhaitzak baitira. Horrenbestez, Altzaga litzateke eremu horren jatorrizko izena.