Erandio, bizitzeko 7,39 puntuko herria, baina aparkalekurik eza eta etxebizitzaren garestitasuna dira herritarren kezka nagusiak

Ander Zarraga 2025ko ira. 12a, 09:53

600 erandioztarrek parte hartu dute Gizaker enpresak egindako inkestan. © ERANDIOKO UDALA

Erandioko Udalak 600 bizilagunei egindako inkestaren emaitzak aurkeztu ditu, eta horien arabera, herriak 7,39 puntuko balorazioa lortu du bizitzeko leku gisa. Herritarren % 43,1ek uste dute Erandio azken urteetan hobera egin duela, eta % 30,2k berdin jarraitzen duela. Aldi berean, EH Bilduk adierazi du inkestak adierazten duela ziklo politikoaren aldaketa hurbilago dagoela.

Udal-zerbitzuen artean, Gizarte Zerbitzuak (6,72), Garbitasuna (6,48) eta Herritarrentzako Arreta zuzena (6,42) dira ondoen baloratuenak. Hala ere, herritarren kezka nagusien artean aparkalekurik eza (% 54,7), etxebizitza duin baterako sarbide zaila edo alokairuen garestitasuna (% 9,5) eta segurtasun falta (% 9,2) agertzen dira.

Inkestak erakutsi du herritarren % 60,4 prest legokeela aparkaleku arautua ezartzeko, betiere bizilagunentzako hobari edo salbuespenakaz. Proiektu berrien artean, ondoen baloratua izan da Cables y Alambres lantegi zaharrerako aurreikusitakoa (6,85), Mendiguren plazaren estalkia (6,48) eta Astrabudua auzora metroa lotzen duen pasabidearen gaueko itxiera (6,06).

Herritarrek lorategien zaintza (6,84) eta garbitasun maila (6,25) ondo baloratu dituzte, baina hormetako pintadak (5,47) eta kutsadura (5,34) txarrago. Inkestatutakoen %83,6k udal-isunak onartuko lituzkete jarrera ez-zibilen aurrean. era berean herritarrek positibotzat nabarmendu dituzte kaleen eta espaloien hobekuntzak, aisialdi eta kultura jarduerak, berdeguneak eta oinezkoentzako guneak. Negatiboan, berriro, aparkalekurik eza.

Azkenik, Udalaren irudia "ona" dela dio herritarren %34,9k, eta %34,4k "ez ona ez txarra". Aldiz, kudeaketak 5,01 puntuko nota jaso du eta alkatearen lanak 5,03. 

EH Bilduren balorazioa

Erandioko EH Bilduk azpimarratu du inkestak bi kontraste nagusi erakusten dituela: herritarrek Erandiori 7,39 puntu ematen diote bizitzeko leku gisa, baina Udalaren kudeaketa 5,01egaz eta alkatearen lana 5,03egaz baloratzen dute. Koalizioak salatu du bizi-kalitatea "auzokideen eguneroko ahaleginari esker" dela eta ez EAJren kudeaketari esker.

Arazo nagusiak sakonekoak direla diote: aparkaleku falta, etxebizitza eskuratzeko zailtasuna eta segurtasuna. Inkestak bilakaera politikoa ere neurtu du, eta EH Bilduren arabera, emaitzek erakusten dute EAJ jaitsiera nabarmenetan dagoela (% 36,3tik % 32,9ra, 8tik 7 zinegotzira), eta EH Bildu goraka doala (% 25,5etik % 30,5era, zinegotzi bat gehiago). Horrek aldaketa politikoa gero eta hurbilago kokatzen duela diote, eta Aitziber Oliban alkatearen aurrean konfiantza handiagoa jasotzen dutela.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun