Erandiok 24.000 biztanle baino gehiago ditu, horietatik % 23,1ek 65 urtetik gora dituzte. "Adinekoen profila aldatu egin da eta, horren aurrean, neurri egokiak hartzea beharrezkoa da", adierazi du alkateak. Horretarako, ia 300 pertsona inplikatu dituen diagnostiko parte-hartzailea egin dute: 11 bilera talde motorregaz, 152 inkesta, bi topaketa adinekoen elkarteakaz eta beste bi Udaleko teknikari eta ordezkari politikooakaz, Maite Perez Gizarte Ekintzako zinegotziak azaldu zuenez.
Ekarpen horietatik 101 proposamen identifikatu dituzte, zeinetan azpimarratzen den bakardade ez-desiratuari aurre egiteko beharra, etxez etxeko laguntza-zerbitzua indartzea edo erorikoen prebentzioan sakontzea. Arloz arlo, %14,9 gizarte-zerbitzuei eta osasunari dagozkie, %13,9 gune publiko eta eraikinei, beste %13,9 garraioari eta %12,9 errespetuari eta inklusioari.
Erandio Lagunkoia programaren barruan, daborduko martxan jarri dituzte ekimen batzuk, eta aurten proposamenen %35 gauzatzea aurreikusten dute. Halaber, iragarri dute 2026an garapenak jarraitu egingo duela, eta 2027-2028 aldian egingo dela planaren ebaluazioa. Udalaren esanetan, horrelako neurriak funtsezkoak dira belaunaldi arteko proiektuak sustatzeko, sare komunitarioak indartzeko eta adinekoek benetan lagunkoia den herri batean bizitzeko aukera izan dezaten.