Astrabuduko Josu Murueta plazaren izenaren ikusgarritasuna berreskuratzeko eskatu du Erandioko Oroimena taldeak

Hodei Torres · Ander Zarraga 2025ko urr. 10a, 14:35

Erandioko Oroimena taldeak atsekabea adierazi du Erandioko Udalak herriko oroimenari eskaintzen dion "arreta eskasagatik", eta bereziki salatu du Astrabuduako Josu Murueta plazaren izena ia ikusezin geratu dela horren berritze lanen ondoren. Horregaz batera, kolektiboak iragarri du hilaren 26an omenaldia antolatuko duela Josu Murueta eta Anton Fernandez bizilagunak gogoratzeko, aurten 56 urte beteko baitira kutsaduraren aurkako protestetan polizia frankistak erail zituela.

Astrabuduko Josu Murueta plazan Udalak egin berri dituen urbanizazio lanen ondoren, izena ia ikusezin bihurtu dutela salatu du Erandioko Oroimena taldeak. Hori dela eta, Udalari eskatu dio izendapenaren ikusgarritasuna bermatzea. Kolektiboaren ustez, oroimen hori "gutxietsi beharrean, lehentasunezko lekua hartzen du plaza honetan".

Salaketa horregaz batera, antolakundeak Josu Murueta eta Anton Fernandezen hilketaren 56. urteurrena gogoratuko duela iragarri du. Aurten, Astrabudua auzoan egingo dituzte ekintzak, oroitzapen-ekitaldia Altzaga eta horren artean txandakatzen baitute urtero. Hori dela eta, herritarrei dei egin diete urriaren 26an, domeka, 13:00etan, Josu Murueta plazan egingo den omenaldian parte hartzera. Antolatzaileek aurretik eskertu dute parte-hartzea eta ekitaldiaren berri zabaltzea.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun