Erandioko Altzaga auzoan 26 urteko gizon bat atxilotu dute, bikotekideari tratu txarrak emateagatik

Izaro Garcia 2025eko azaroaren 10a

Erandioko Altzaga auzoko metro-geltokia, artxiboko irudian.

Ertzaintzak eta Erandioko Udaltzaingoak 26 urteko gizonezko bat atxilotu zuten domeka goizean Erandioko Altzaga auzoan, bikotekideari ustez tratu txarrak ematearren. Ustezko erasoak kezka soziala piztu zuen bertan, biktimak laguntza eske etxetik kalera ihes egin behar izan ostean. Gertaerak goizeko 10:00ak aldera izan ziren.

Zenbait lekukoren arabera, biktima, tratu txarren zantzuekin, kalera atera zen laguntza eske. Bien bitartean, ustezko erasotzailea auzotarrei irain eta mehatxu gogorrak egiten aritu zen, inor tartean sar ez zedin saiatuz.

Auzotar batzuen esku-hartze azkarra funtsezkoa izan zen. Haien deiari esker, Ertzaintzako eta Udaltzaingoko patruilak berehala bertaratu ziren lekura, eta agenteek 26 urteko gizona atxilotu zuten.

Biktima anbulantzian eraman behar izan zuten ospitalera, erasoaren ondorioz jasandako zauriak eta egoera psikologikoa artatzeko. Erasotzaileari dagokionez, Ertzaintzak diligentziak ireki ditu genero indarkeria delituengatik. Kasuari buruzko xehetasun gehiago espero dira hurrengo orduetan.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun