Programak hainbat formatu izango ditu. Batetik, Gaztetxokoan egingo duten Zinea morean zikloaren barruan, En los márgenes (azaroak 11), El consentimiento (azaroak 18) eta Soy Nevenka (azaroak 26) proiektatuko dituzte 18:00etan.
Bestetik, azaroaren 22an, Maria Lourdes Aguirre Velasquez hondurastar idazleak bere La niña silenciada liburua aurkeztuko du Gaztetxokoan, eta azaroaren 23tik abenduaren 5era, Supervivientes erakusketa egongo da ikusgai Merkatu Zaharrean, Track Uno elkartearen eskutik.
Azaroaren 21etik 25era, Herri Bideak Kate Barik eta Auzokoa Herrikoi Elkarteak indarkeria egoerak salatzeko auzotarren leloak batuko dituzte, eta Erandiogoikoko Euskadi plazako Amatxo eskulturan eskegiko dituzte.
Azkenik, egun nagusian, azaroaren 25ean, herriko hainbat talde feminista kalera aterako dira: Erandioko Emakumeen Elkartea, 12:00etan, Irailaren 23a plazan, elkarretaratzea eta manifestuaren irakurketa egingo du; Astrabuduko Emakumeen Elkartea, 12:00etan, Josu Murueta plazan elkartuko da; eta Damatxo Erandioko Emakumeen Elkartea, 19:30ean, Euskadi plazan elkarretaratuko da.
Ekimen guztiek "indarkeriarik gabeko Erandio" izango dute lelotzat, eta Udalak ere egitasmoagaz bat egin gura izan du eta herritarrak gonbidatu ditu parte hartzera eta emakumeen aurkako indarkeria sozialaren aurrean isilik ez geratzera.