Erandioztarrek herriko kaleak hobetzea lehenetsi dituzte aurrekontu parte-hartzaileetan

Ander Zarraga 2025eko azaroaren 19a

Guztira herritarren 152 galdetegi eta 443 ekarpen jaso ditu Udalak. © ERANDIOKO UDALA

Erandioztarren gehiengoak herrigunearen kalitatea lehenetsi du 2026ko aurrekontu parte-hartzaileetan. Jaso dituzten 443 ekarpenen arabera, gune publikoen zaintza, aparkalekua, segurtasuna eta osasuna dira herritarren kezka nagusiak.

Erandioko Udalak argitaratutako txostenak jasotzen duenez, 152 galdetegi eta 443 ekarpen jaso dituzte guztira, aurrekontuen diseinuan herritarren iritzia eta lehentasunak txertatzeko helburuagaz. Horien artean, herriguneko kaleen kalitatea eta mantentze-lanak izan dira lehentasuna jaso duten arloak. Horien atzetik, segurtasuna eta osasuna aipatu dituzte udal-politikaren ardatz garrantzitsu gisa.

Hauek izan dira hain zuzen ere, gehien errepikatu diren gaiak: eremu publikoaren garbiketa, aparkalekua eta mugikortasuna, bide-segurtasuna, aisialdia eta komunitate-bizitza, kirol-instalazioak eta ingurumenaren babesa. Gazteria eta gizarte-ekintzagaz lotutako gaiak ere nabarmendu dira herritarren kezkak eta behar sozialak adierazten dituzten esparruetan.

Udalak balorazio positiboa egin du herritarren parte-hartze mailari buruz, eta jakinarazi du jasotako ekarpenak aztertzen eta 2026ko aurrekontu-proposamenean txertatzeko bideragarritasuna baloratzen ari direla.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun