Poliziak Erandioko familia etxegabetu du; gainontzeko familiako kideak datozen orduetan aterako dituzte

Ander Zarraga 2025eko azaroaren 21a

Gaur kaleratu gura izan duten familietako bat Ategorribarri kaleko 2. zenbakian bizi da. © KONTSEILU SOZIALISTA URIBE KOSTA

Protestak eta azken uneko ahalegin judizialak ez dira nahikoa izan, eta Santander bankuko UCI finantza-erakundeak Erandioko familia bat kaleratu du gaur goizean Kukularra bidean zuen etxetik. Familiako abokatuak ohartarazi duenez, bikotearen gurasoen etxegabetzeak ere "datozen orduetan" gauzatuko dituzte, maileguaren berme gisa "hipotekatzaile ez-zordun" gisa ageri baitira. Gaur Erandion gertatutakoa salatzeko elkarretaratzea deitu dute gaur, 20:00etan, Altzagako metro-geltokian.

Goizeko 08:00etatik, Ertzaintzak eta Udaltzaingoak sarbideak itxi dituzte Uribe Kostako Etxebizitza Sindikatuaren protesta oztopatzeko, eta ekintzaile talde batek erresistentzia egin du hustu gura zituzten etxebizitzen atarietan. Azkenean, ertzainek atea bota behar izan dute barrura sartzeko, eta familia atera dute.

Poliziak Kukularra bidea eta Ategorribarri kalean etxegabetzeak geldiarazteko bildutako herritarren aurka oldartu da, eta hainbat lagun identifikatu dituzte. 

Defentsak "babesgabetasun osoa" salatu du, Bilboko epaileak ez baititu aintzat hartu familiaren zaurgarritasuna, ezta jarritako prebarikazio-salaketa ere. Sindikatuak, bestalde, bankuaren "amarruak" kritikatu ditu, zorra artifizialki handitzeagatik familiak diru hori jaso gabe.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun