Trafiko mozketak egongo dira Erandion abenduaren 31n

Beatriz Antona Uribe 2025eko abenduaren 29a

Erandioko San Silvestre lasterketa aurreko edizioan. © ERANDIOKO UDALA

Erandioko Udalak jakinarazi duenez, ibilgailuen mugikortasuna mugatuta egongo da Altzaga eremuan abenduaren 31n goizean zehar segurtasun neurriak bermatzeko.

Abenduaren 31n, eguaztena, San Silvestre lasterketa ospatuko dute aurten ere Erandion. Lasterketa dela eta, Erandioko Udalak ohar bidez jakinarazi die herritarrei trafikoan eragin nabarmenak egongo direla herrialdean egun horretan. Segurtasun neurriak bermatzeko, trafiko-mozketak ezarriko dira goizeko 9:30etik 11:45era. Denbora tarte horretan, ibilgailuen sarrerak zein irteerak mugatuta egongo dira lasterketaren ibilbideak hartzen duen eremu osoan.

Udalak zehaztu ditu zeintzuk izango diren erabilgarri egongo diren bideak sartzeko edo bertatik irten gura duten gidarientzat. Altzagara sartzeko, San Antonio kalea eta Altzaga Goikoa errepidea erabili beharko dira, eta irteteko, Antonio Trueba kalea izango da bide bakarra.

San Silvestre lasterketa

Aurten, San Silvestre lasterketak hiru modalitate izango ditu: Nordik Walking modalitatea, familiarra eta nagusia. Nordic Walking modalitatearen lasterketagaz hasiko da aurtengo lasterketa, 5,5 kilometrokoa, 10:00etan, Irailaren 23 plazatik. Leku berean hasiko da lasterketa nagusia, 10:30ean. Ondoren, 11:00etan, lasterketa familiarra, kilometro bikoa, egingo dute, Josu Murueta plazatik hasita.

Lasterketa guztiak amaitzen direnean, sarien banaketa egingo dute. Ostean, 11:30ean, txokolate-jana egongo da, musika giroagaz. Azkenik, eguerdian, kanpai-hotsak entzungo dituzte urtea agurtzeko.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun