Herritarrak kutsaduratik babesteko premiazko neurriak eskatu dituzte hainbat elkartek

Ander Zarraga 2026ko urtarrilaren 16a

Erandioko hainbat bizilagun inguruko lantegietako kutsadura salatzeko egindako elkarretaratze batean. © AZOKOA HERRIKOI ELKARTEA

Datorren eguenean, urtarrilaren 23an, CSICek Erandioko airearen kalitateari buruz egindako azterlanaren emaitzak aurkeztuko dituzte Bilboko Burtsa eraikinean, 18:30ean. Herriko hainbat elkartek sustatutako ikerketak agerian utzi du Erandion eta inguruko herrietan metalen eta bestelako konposatuen presentzia gomendatutakoa baino handiagoa dela, eta Eusko Jaurlaritzaren neurketa-sistema "nahikoa ez dela" salatu dute.

Herri Bideak Kate Barik, Erandio Auzokoa Herrikoi Elkartea, Sagarrak Ekologista Taldea eta Ekologistak Martxan elkarteek elkarlanean bultzatutako ikerketaren emaitzak jendaurrean aurkeztuko dituzte. Horretan, Airearen kalitatearen azterketa. PM2,5 eta deposizio atmosferikoa Erandioko (Bizkaia) hiri- eta industria-inguruneetan izenburupean, CSICeko Pirinioetako Ekologia Institutuko ikertzaileek 2024tik 2025era bitartean egindako lanaren emaitzak azalduko dituzte.

Ikerketak biriketan sartzeko gaitasun handiena duten PM2,5 partikulak eta deposizio atmosferikoa aztertu ditu, aerosol atmosferikoek uzten dituzten metalen eta bestelako konposatuen kontzentrazioa neurtuz. Emaitzek agerian utzi dutenez, sustantzia horien mailak giza osasuna babesteko eta ekosistemen oreka mantentzeko gomendatutako mugen gainetik daude.

Hala, azterlan honen ondorio nagusien artean azpimarratu dute Eusko Jaurlaritzak airearen kalitatea zaintzeko duen sistema ofiziala ez dela gai Erandioko biztanleek jasaten duten benetako esposizioa neurtzeko. CSICen datuakaz batera, 2019 eta 2021 urteen artean herritarrek egindako zientzia-neurketak ere erabili dituzte (Ibercivis plataformaren bidez), eta horiek guztiek bat egiten dute: egungo estazioek ez dute kutsaduraren argazki osoa ematen.

Aurkezpen ekitaldia: Zientzia eta Artea

Datorren hilaren 23ko saioa informazio teknikotik harago joango dela ere iragarri dute. Bilboko Burtsa eraikinean  18:30eatik aurrera egingo duten ekitaldian, aire garbiaren aldeko borrokan sortutako bestelako materialak ere erakutsiko dituzte. Tartean, herritarrak sentsibilizatzeko kanpainetako irudiak, arte-proiektuak, "Aire garbiaren aldeko eguna" ekimeneko oroigarriak, tokiko taldeen kontzertuen berri eta gaiari buruzko komiki bat izango dira ikusgai.

Antolatzaileeh euren helburua argi adierazi dute: Erandioko eta inguruko herritarrei zein erakundeei informazio zehatza ematea, osasun publikoan zuzeneko eragina duen gai honi konponbidea emateko urratsak eman ditzaten.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun