EH Bilduk zalantzan jarri du Erandioko udal isunen legezkotasuna

Izaro Garcia 2026ko urtarrilaren 23a

EH Bilduk uste du isunen izapidetzeak ez direla indarrean dagoen araudiaren arabera egin.

Erandioko EH Bildu Udal Taldeak ohartarazi du irregulartasun larriak eta sistematikoak egon daitezkeela udal isunen izapidetze-prozeduretan, bereziki Udaltzaingoaren arloan.

Alderdiak eskuratutako informazioaren arabera, azken lau urteetan Udaltzaingoak proposatutako zigor-espediente batzuk baliteke legez eskumena duen organoak ez izapidetzea. EH Bilduk azaldu du hainbat kasutan isunak Udaltzaingoko arduradun goren batek sinatuta agertzen direla,  sinadura-egun horietan pertsona hori lanetik kanpo egon arren.

Horrez gain, talde politikoak salatu du legezko baliorik ez duen sinadura bat erabili izan dela modu errepikatuan, derrigorrezkoa den sinadura elektronikoaren ordez. Horren ondorioz, EH Bilduk uste du isunen izapidetzeak ez direla indarrean dagoen araudiaren arabera egin, eta horrek espedienteen balio juridikoa zalantzan jar dezakeela.

Era berean, taldeak nabarmendu du irregulartasun horien erantzukizuna ez dagokiela espedienteak izapidetzen dituzten funtzionarioei, hauek jasotako jarraibide administratiboak betetzera mugatzen baitira. Aitzitik, ardura politikoa dagokien zinegotziei eta alkateari egotzi die, udalaren agintari nagusia den heinean.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun