Ekitaldian Haur, Lehen eta Bigarren Hezkuntzako ikasleen ordezkariek oroitzapen-kapsula bat bete dute, mezu eta objektu esaguratsuekaz, eta eraikin berriaren zimenduen azpian gorde dute. Bertan izan dira ikastetxeko zuzendaritza, irakasleak eta ikasleak, baita fundazioko, guraso elkarteko eta EBI sareko ordezkariak ere, Erandioko alkate Aitziber Olibanegaz batera.
Ikastetxearen arabera, helburu nagusia instalazioak eguneratzea eta hezkuntza-eskaintza bateratzea da. Gaur egun, Bigarren Hezkuntzako ikasleek metro ondoko eraikin batean ikasten dute; eraikin berria martxan jartzean, ordea, etapa guztiak Tartangan bertan elkartuko dira, 2026-27 ikasturtetik aurrera.
Azpiegitura berria orain arte estali gabe egon diren saskibaloi-kantxen tokian eraikiko dute, eta 80ko hamarkadan Tartangako instalazioak inauguratu zirenetik egindako eraberritze garrantzitsuenetako bat izango da. Proiektuak ikasgela modernoak, 250 lagunentzako areto nagusia, 100 lagunentzako erabilera anitzeko areto bat eta bi gimnasio aurreikusten ditu.
Areto nagusiak ikasle ohientzat ere zabalik egongo dira, ikasketa-prozesuei laguntzeko eta topagune gisa erabiltzeko. Borja Cazalis ikastetxeko zuzendariak azaldu du eraikin berria "etorkizunari begirako apustua" dela, jaiotza-tasaren jaitsierak hezkuntza-sektorean irekitako testuinguruan.