Erandio, irakurzaletasunaren alde

Izaro Garcia 2026ko otsailaren 12a

Udalak adierazi du harreraren arabera egitasmoa beste leku batzuetara zabaltzea aztertuko duela. © ERANDIOKO UDALA

Erandioko Udalak liburuak doan trukatzeko bi gune jarri ditu martxan aste honetatik aurrera, herritarren artean irakurzaletasuna bultzatzeko.

Horretarako, liburu-etxetxoak jarriko ditu udalerritik zehar. Bi gunetan jarriko ditu, hain zuzen ere: Erandiogoikoan, udaletxe zaharraren fatxadan, eta Enekurin, hiri-autobusaren markesinan.

Sistema oso erreza da; izan ere, herritarrek liburu bat hartu eta beste bat utzi dezakete, inolako izapiderik edo kosturik gabe. Erabilitako aleak ere onartzen dira, eta helduentzako zein haurrentzako liburuak egongo dira.

Ekimenaren oinarria udal liburutegiek jarritako funtsa da, irakurketa-ohiturak sustatzeko helburuagaz. Liburuak gune batean hartu eta bestean utzi daitezke, eta aleen lagapenak egiteko aukera ere badago.

Probazko ariketa bat baino ez da. Hala ere, Udalak adierazi du harreraren arabera egitasmoa beste leku batzuetara zabaltzea aztertuko duela.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun