EUSKARA ZERBITZUA

Erandioko Euskara Zerbitzua, euskararen normalizazioaren alde

Izaro Garcia 2026ko otsailaren 18a

Erandioko Gaztetxokoa. © GOOGLE MAPS

Euskal Herriko beste hainbat tokitan bezala, Erandion ere hizkuntza-aniztasunaren erronkari heldu diote; eta horretarako,  Auzoko Elkarrizketak izeneko ekimena jarriko dute martxan, euskararen normalizazioari buruzko gogoeta partekatua sustatzeko.

Lehen saioa aste-akabu honetan izango da, zapatuan (otsailak 21). Erandioko Euskara Zerbitzuak elkarrizketa-saioa antolatu du Gaztetxokoan. Bi orduko gizarte-elkarrizketa izango da, eta bertan udalerriko hizkuntza-aniztasunaren egoera aztertzeaz gain, etorkizuneko norabidea elkarregaz irudikatzea izango da xedea.

Antolatzaileen arabera, saioak ikuspegi desberdinetako herritarrak bildu gura ditu, aurreiritziak albo batera utzita. Batetik, euskararen normalizazio-prozesuan interesa duten pertsonak gonbidatu dituzte; bestetik, gizartearen aniztasuna eta aberastasuna ordezkatzen duten herritarrak.

Gainera, behar izatekotan, umeentzako zaintza zerbitzua eskainiko da gura duenarentzat. 

Parte hartu gura dutenek https://taupamugimendua.eus/auzoko-izen-ematea/ linkaren bitartez egin beharko dute.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun