Industria Sailak ez du beharrezkotzat jo Tartangako aparkalekuaren lurzoruari buruzko txostena

Izaro Garcia 2026ko otsailaren 25a

Tartangako aparkalekua duela bederatzi hilabete ireki zen.

Erandioko behin-behineko aparkalekuak ez du, oraingoz, lurzoruaren kalitateari buruzko txostenik beharko; izan ere, Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailak Erandioko Udala salbuetsi du izapide hori egitetik.

Tartangako aparkalekua duela bederatzi hilabete ireki zen, auzotarrek duten aparkatzeko arazoari irtenbidea emateko. Lursailak, ordea, badu berezitasun bat: urte luzez industria-jarduera izan zuen, eta horregatik dago "kutsadura potentziala izan duten lurzoruen" zerrendan jasota.

Horixe salatu zuen EH Bilduk, balitekeela bertan egunero aparkatzen dutenentzat osasunerako arriskua egotea ohartaraziz. Alderdiak kritikatu zuen Udalak ez zuela lurzoruaren kalitateari buruzko aurretiazko azterketarik egin.

Jaurlaritzak, ordea, ontzat jo du Udalaren azalpena. Mikel Jauregi sailburuak Legebiltzarrean azaldu duenez, legeak aurreikusten dituen baldintzak betetzen dira salbuespena aplikatzeko: erabilera behin-behinekoa da (bi urte baino gutxiagokoa),  ez da etxebizitzetarako, eremua zolatuta eta estalita dago, eta lurzoruari buruzko informazioa badago jada.

Funtsean, administrazioaren iritziz, ez dago txosten berria egitera behartzen duen arrazoirik. Bien bitartean, 125 plazako aparkalekua martxan dago, eta auzotarrek egunero erabiltzen dute.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun