Erandio eta Barakaldo lotu dituen "Gasolino" berrituta itzuliko da

Izaro Garcia 2026ko martxoaren 11

Ekitaldian Erandioko auzo eta kultur elkarteetako ordezkariak ontziratuko dira.

Datorren barikuan, martxoaren 13an, itsasadarreko ondare biziak kapitulu berri bat idatziko du goizeko 11:00etatik aurrera; izan ere, Erandio eta Barakaldo historikoki lotu dituen "Gasolino" ezaguna berritua eta prest aurkeztuko du "El Gasolino BIDAIAK" enpresa kudeatzaile berriak.

Aurkezpena Axpeko arrapalan egingo da, udalerriko gune historikoa. Izan ere, antzina Axpe eta Sestao lotzen zituen pasabidea izan zen, eta Evaristo de Churrucak 1880ko hamarkadan eraikitako nasa baten parte da.

Ekitaldian Erandioko auzo eta kultur elkarteetako ordezkariak ontziratuko dira, zerbitzuari urte gogorrenetan eman dioten babesa eskertzeko. Erandio paretik ibilbidea egin ondoren, ontzia Olabeagara helduko da eguerdian, Bilboko Itsas Museoaren ondoan dagoen enpresaren egoitzara. Bertan, Bilboko udal agintariek harrera egingo diote espedizioari.

Jardunaldia amaitzeko, itsasadarretik gora egingo dute San Anton zubiraino, ontzi historikoaren itzulera ospatuz.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun