Koordinakundeak kritikatu duenez, Udalak TAO sistema aurkeztu du konponbide gisa, baina sistema horrek "ez du aparkaleku berririk sortzen", eta, euren iritziz, arazoaren muinari ez dio heltzen. Are gehiago, neurri horrek desberdintasunak sor ditzakeela ohartarazi dute: "Ordaindu dezakeenak aparkatuko du, eta gainerakoek zailtasun handiagoak izango dituzte".
Egoera, gainera, okertzeko bidean dela uste dute. Izan ere, koordinakundearen arabera, datozen bi urteetan behin-behineko hainbat aparkaleku desagertu egingo dira; hala nola Altzagako azokakoa eta CAESA ingurukoa. Horri gehitu behar zaio udalaren mugikortasun-planak Astrabuduan eta Altzagan ehunka plaza kentzea aurreikusten duela, ordezko aukerarik proposatu barik.
Salaketak egungo aparkalekuen egoerari ere egiten dio erreferentzia. Koordinakundearen esanetan, hainbat gune "egoera txarrean" daude: zoladura hondatuta, ur-putzuak, zuloak eta mantentze-lan falta nabari dira, eta horrek kalte ekonomikoak eragiten dizkie erabiltzaileei.
Bestalde, udalaren jarrera ere zalantzan jarri dute. Gogorarazi dute biztanleen %95,9k aparkalekua arazo gisa ikusten duela, eta, hala ere, hartutako neurriak ez direla nahikoak. Era berean, TAO ezartzeko oinarri gisa erabilitako inkestaren ordezkaritza kritikatu dute, "600 lagunen iritzian oinarrituta egin delako, 24.000 biztanle baino gehiago dituen udalerrian".
Testuinguru horretan, koordinakundeak udal gobernuari epe labur, ertain eta luzerako plan integral bat aurkezteko eskatu dio, auzo guztietan aparkaleku publiko nahikoa bermatuko duena. Halaber, irtenbide errealak lortu arte mobilizatzen jarraituko direla ohartarazi dute.