Eusko Jaurlaritzak Erandioko alderdi politikoei azalduko die airearen kalitateari buruzko txostenaren balorazioa

Izaro Garcia 2026ko martxoaren 25a

Eusko Jaurlaritzak bilera egingo du datorren apirilaren 22an, Erandioko Udalean ordezkaritza duten alderdi politikoakaz

Eusko Jaurlaritzak bilera egingo du datorren apirilaren 22an, eguaztenean, Erandioko Udalean ordezkaritza duten alderdi politikoakaz, udalerriko airearen kalitateari buruz egindako azken txosten baten balorazioa azaltzeko.

Azalduko den txostena CSICeko bi ikertzailek egin dute, eta Erandion partikula finen maila altuak atzeman direla jasotzen du. Erandioko Udalak berak helarazi zion azterlana Eusko Jaurlaritzari, eduki zientifiko konplexua duelako eta, ondorioz, Jaurlaritzako teknikariek behar bezala aztertu eta interpretatu dezaten.

Bileran, txostenaren ondorioez gain, erabilitako metodologia, neurketa-protokoloak eta azterketan kontuan hartutako adierazle nagusiak ere azalduko dira. Helburua udal ordezkariek informazio zehatza jasotzea eta izan ditzaketen zalantzak zuzenean argitzeko aukera izatea da.

Ekimen hau Erandioko Udaleko Osoko Bilkurak onartutako mozio baten ondorio da. Mozioa aho batez babestu zuten EAJk, EH Bilduk eta PSEk. PPk zein Elkarrekin Podemosek ez zuten bozketan parte hartu. Alderdiek Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Osasun Publikoko sailek azalpen-bilera bat egitea eskatu zuten, airearen kalitatearen neurketari eta datu-bilketari buruzko informazioa argitzeko.

Bestalde, Erandioko Udalak adierazi du prest dagoela indarrean dagoen araudiaren barruan egin daitezkeen hobekuntzak bultzatzen laguntzeko, hala erabakiz gero. «Herritarren osasuna da garrantzitsuena, eta horrek gidatzen du gure jarduna», nabarmendu du Aitziber Oliban alkateak.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun