Koalizioaren ustez, erabaki hori ez da autoritatearen adierazgarri, "ahultasun demokratikoaren seinale" baizik. Azaldu dutenez, sinbolo bat ezartzeko salaketa judizialak eta zigorraren mehatxua behar izateak erakusten du ez dagoela herritarren borondatean oinarrituta, baizik eta Estatuaren inposizioan.
EH Bilduren arabera, udalak ez dira administrazio delegazio hutsak; hau da, "euskal subiranotasunaren lehen mailako erakundeak" direla di. Horregatik, indarrean dagoen araudia, 1981eko legea, zalantzan jarri dute, eta herri batek bere etorkizuna askatasunez zein demokratikoki erabakitzeko duen eskubidea defendatu dute.
Testuinguru horretan, EH Bilduk Euskal Herria nazio bat dela nabarmendu du eta, gainerako nazioen antzera, erabakitzeko eskubidea dagokiola. Horren harira, herritarrak mobilizatzera deitu ditu pasa den aste-akabuan Iruñean ospatutako Aberri Egunean parte har zezaten, "borondate demokratikoa ukatzen duten inposizioei" erantzuteko.
Koalizioak ohartarazi du, halaber, epaien bidez egindako inposizioen aurrean herriaren erantzuna izango dela giltzarria, eta azpimarratu du "tutoretzarik onartzen ez duen herri" baten borondatea nagusituko dela, bere etorkizuna askatasunean eraikitzeko.