Erandioko Goiherri auzoak bere egun handia ospatuko du zapatuan, apirilak 18. jai-batzordeak adin guztietako herritarrei zuzenduta prestatuta tradizioa, gastronomia eta musika uztartuko dituen egitarauagaz. "Herria giroz betetzeko eta lagun artean gozatzeko" hitzordua dela azpimarratu dute antolatzaileek.

Egunari hasiera emateko, umeentzako tailerrak egongo dira, txikienek sormena lantzeko aukera izan dezaten. Sukaldean trebe direnek ere izango dute lekua, goizean zehar pintxo-lehiaketa ospatuko baita. Aldi berean, trebezia neurtzeko igel txapelketa klasikoa jokatuko da auzoan zehar.
Eguerdian, herri-bazkaria izango da eguneko ekitaldi nagusietako bat. Antolatzaileek ohartarazi dute tiketak oso bizkor saltzen ari direla eta gutxi batzuk baino ez direla geratzen; beraz, parte hartu nahi dutenek lehenbailehen eskuratu beharko dituzte.
Arratsaldean eta gauean, musika nagusi
Bazkalostean, festak ez du etenik izango eta musika doinuek hartuko dute Goiherri: Taberna Ibiltariaren kantu herrikoiekin auzoa girotzen arituko dira, ostean, Txinparta Erromeria taldeak dntzarako eta festa girorako aukera eskainiko dute arratsaldean zehar. Azkenik, gauean, indarrak berreskuratzeko bokatak egongo dira txosnetan, eta musika gauerdiko ordu txikietaraino luzatuko da.
"Egun osoko plana da, giro paregabean", adierazi dute jai-batzordetik, eta erandioztar guztiak zapatuan Goiherrira hurbiltzera animatu dituzte.