Erandioko Udalak, herriko Merkatarien Elkarteakaz lankidetzan, Erandio Bonoa 2026 kanpaina jarri du martxan. Apirilak 16ean abiatu zen ekimen honek tokiko merkataritzari laguntzea eta herritarrak udalerrian kontsumitzera animatzea du helburu. Guztira, 90 establezimendu baino gehiagok bat egin dute kanpainagaz, eta deskontuak zuzenean aplikatuko dituzte ordainketa egiteko unean.
Aurtengo edizioan, saltoki bakoitzak bi formatu hauetako bat aukeratu du bezeroei eskaintzeko: batetik, 2,5 euroko deskontua gutxienez 10 euroko erosketak egiteko, eta, bestetik, 5 euroko deskontua gutxienez 20 euroko erosketak egiteko.
Atxikitako establezimenduen zerrenda osoa www.erandiobonoa.eus webgunean kontsulta daiteke. Bertan ikus daiteke zein saltokik hartzen duen parte eta zein den bakoitzak aplikatuko duen deskontu formatua.
Baldintzak eta epeak
Bonuak 16 urtetik gorako pertsona guztiek erabili ditzakete Kontsumitzaile bakoitzak, gehienez, hiru bonu jaso ahal izango ditu kanpaina osoan zehar. Erabiltzaileak aukeratu ahal izango du hiru bonu horiek erosketa bakar batean metatu gura dituen, edota erosketa desberdinetan, establezimendu berean edo bat baino gehiagotan banatu gura dituen. Deskontu-txartelak lortzeko ez da aldez aurretik ezer erosi behar; erosketa egiteko unean bertan eskatuko dira kanpainari atxikitako dendetan.