Sindikatuen arabera, Udalak enpresa pribatu bat kontratatu gura du zerbitzua arrasti eta aste-akaburuetara zabaltzeko. Hala ere, neurri hori pribatizazio prozesu zabalago baten lehen pausoa izan daitekeela ohartarazi dute.
Zerbitzua indartzeko eskatzen urteak daramatzatela azpimarratu dute. Haien ustez, dependentzia maila guztietako herritarrengana iristeko, etxez-etxeko laguntza zerbitzua zabaldu egin behar da eta kalitatezko arreta bermatzeko beharrezkoa dela langile gehiago eta denbora gehiago izatea.

Testuinguru horretan, sindikatuek Udalak ez duela bide hori aukeratu kritikatu dute, eta, horrenbestez, pribatizazioaren alde egin duela. Haien arabera, erabaki horrek ondorio zuzenak izan ditzake zerbitzuan: kalitatearen okertzea, zerbitzuaren ezegonkortzea eta lan baldintzen desberdintzea, lan bera egiten duten langileen artean aldeak sortuz.
Gainera, zaintza bezalako oinarrizko zerbitzu batean enpresa pribatuen esku-hartzea handitzeak negozio logika sartzea dakarrela salatu dute, eta horrek talka egin dezakeela zerbitzu publikoaren helburuakaz
ELA eta LABek zerbitzua "indartu eta zabaldu" behar dela azpimarratu dute, baina kudeaketa publikotik, eta ez enpresa pribatuen bidez. Ildo horretan, mobilizazioa deitu dute apirilaren 30ean, 11:00etan, Erandioko udaletxe aurrean, pribatizazioaren aurka eta zerbitzu publikoaren alde.