Erandion kutsaduraren aurkako ekimen herritarra indartzen ari da, presioa areagotzen ari den bitartean

Izaro Garcia 2026ko apirilaren 22a

Udalak jarduketa abiatu du eta jabetzari gehienez bi hilabeteko epea eman dio egitura kentzeko. © ERANDIOKO AUZOKIDEOK ERANDIO BIZIRIK

Erandion airearen kalitateak eragindako kezka berriz ere lehen lerrora itzuli da, auzokide batek bultzatutako ekimen berri baten ondorioz. "Kutsadurarik ez! Konponbideak orain!" lelopean, herritarrek parte-hartze bide berriak sustatu gura dituzte, kutsadurari buruzko informazio argia eta neurri zehatzak eskatzeko. Ekimenaren atzean Auzokoa Herrikoi Elkartea eta Herri Bideak Kate Barik daude.

Ekimenaren ardatza herritarrek Udalari zuzenean galdetzeko tresna bat da. Horretarako, eskaera-eredu sinple bat prestatu da, edozeinek Erandioko Udalari airearen kalitateari eta jarduera-protokoloei buruzko informazioa modu ofizialean eskatu ahal izateko. Sustatzaileen arabera, helburua gardentasuna handitzea eta administrazioaren erantzuna bizkortzea da, azken kutsadura-episodioen ondoren sortutako ezinegonaren aurrean.

CSICeko ikerketa tekniko batek agerian utzi du airean dauden partikula kutsagarriak osasunerako gomendatutako mailak baino handiagoak direla; horrek esan gura du epe luzera arnasketa-arazoak edo bestelako osasun-arazoak izateko arriskua handiagoa izan daitekeela. Gainera, industrialdeetan atzemandako metal astunek (nikela edo kadmioa, esaterako) arrisku gehigarria eragin dezakete, batez ere denboran zehar pilatzen badira.

Bestalde, kutsaduraren ondorioak ez dira soilik datuetan geratzen. Auzokideek sarritan salatu dituzte usain biziak eta ondoezak, eta hainbat kasutan Udaltzaingoari jakinarazi zaizkio gertakari horiek. Gainera, egoera horiek eskola-ordutegian gertatu izan dira, aire librean dauden adingabeen jarduerakaz bat eginez.

Testuinguru horretan, ekimenaren bultzatzaileek nabarmendu dute ezin dela gehiago "beste alde batera begiratu", eta herritarrei dei egin diete eskaera-eredua erabil dezaten, airearen kalitateari buruzko datu eguneratuak eta osasuna babesteko neurriak eskatzeko.

Lehen erantzunak

Aldi berean, auzokideen mobilizazioak lehen erantzun instituzionala ere eragin du. Egoera kaskarrean zegoen Altzagako dorre elektriko zaharraren inguruan, Udalak jarduketa abiatu du eta jabetzari gehienez bi hilabeteko epea eman dio egitura kentzeko. Arkitektoaren txostenak ez du berehalako kolapsoa aurreikusten, baina ohartarazi du egitura ezin izan dela osorik aztertu eta narriadura areagotu daitekeela egungo egoerak bere horretan jarraituz gero.

Oraingoz, auzokideen ustez, lehen pausoa baino ez da. Herritarren parte-hartzea funtsezkoa izango dela azpimarratzen dute, administrazioek neurri eraginkorrak har ditzaten.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun