Erandioko Udaleko langileek mobilizazioak abiatu dituzte etxez etxeko laguntza zerbitzua pribatizatzeko Udalaren asmoaren aurka, eta, salatu dutenez, zerbitzua enpresa pribatu baten esku uzteak kalitatearen jaitsiera, plantilaren ezegonkortzea eta lan baldintzen prekarizazioa ekarriko ditu. Langileek azpimarratu dute urteak daramatzatela zerbitzua indartzeko eskatzen, hiru helburu nagusigaz: zerbitzurako sarbidea erandioztar guztiei bermatzea, zerbitzuaren kalitate egokia ziurtatzea eta langileen lan baldintzak errespetatzea.
Azken urteotako Udalaren kudeaketa desegokitzat jo dute langileek, lan-kargak gehitu direla, arreta denbora murriztu dela, dependentzia legeak exijitzen dituen baldintzak ez direla bermatu eta plantila ez dela berritu eta ezegonkortu egin dela argudiatuz. Zerbitzua zabaltzeko erabakia ontzat jo arren, hura kudeatzeko hautatu duten bidea gaitzetsi dute, arratsaldeko eta asteburuko zerbitzua azpikontratatzeak gerora zerbitzu osoaren pribatizazioa ekar dezakeelako kezka agertuz; horregatik, kudeaketa publikoa eta lan eskaintza publiko bat egitea exijitu diote udalari.
Arazoa herritar guztiei eragiten dien gaia dela iritzita, langileek bizilagunei dei egin diete maiatzaren 15ean, 18:00etan, Behekoa Ikastetxeko 207 gelan egingo den asanblea informatiboan eta maiatzaren 22an, 18:30ean, izango den mobilizazioan parte hartzera.