Jardunaldiaren hasieran, "Kutsadurarik Ez" herri-proiektua aurkeztuko dute. Ondoren, atal zientifikoari emango diote hasiera. Bertan, Enrique Navarro CSICeko ikertzaileak Erandioko PM2,5 partikulen eta metalen inguruko ikerketaren emaitzak aurkeztuko ditu. Bestalde, Eduardo Martin GIS eta datuak bistaratzeko adituak Erandioko hezkuntza-eremuetan egindako NO2 neurketen analisi kartografikoak azalduko ditu.

Atal berean, Jorge Pey CSICeko ikertzaileak Erandioko metaketa atmosferikoaren inguruko azalpenak emango ditu, eta Herri Bideak Kate Barik Elkarteak ENACek balioztatutako laborategiek egindako lur eta ur azterketen emaitzak aurkeztuko ditu. Saio horren ostean, galderak egiteko tartea egongo da.
Jardunaldiaren bigarren zatian, ikuspegi instituzionala eta proposamenak izango dira ardatz. Carlos Barcina Arartekoko ingurumen teknikariak herritarren ingurumen-eskubideak, parte-hartze publikoa eta informazioa jasotzeko eskubidea izango ditu hizpide. Ondoren, Auzokoa Herrikoi Elkarteak kutsaduraren geografia eta istripuen aurrean jarraitu beharreko ekintza-protokoloak aurkeztuko ditu.
Azkenik, Enrique Navarro ikertzaileak bitartekaritza-proposamena eta Erandioko airearen kalitatea hobetzeko plangintza azalduko ditu. Bigarren bloke horren amaieran ere galdera-erantzunetarako tartea zabalduko dute.
Jardunaldiari amaiera emateko, Kantagunea Erandio taldeak "Caminito de Erandio" abesti herrikoia eskainiko du.