Erandioko PPk HAPOa berehala onartzeko eskatu dio Udalari

Izaro Garcia 2026ko maiatzaren 26a

PPk behin betiko HAPOa aurkezteko eskatu dio Udal Gobernuari.

Erandioko PPk udalerriko "hirigintza-blokeoa" salatu du, eta Udal Gobernuari eskatu dio Hiri Antolamenduko Plan Orokorra (HAPO) "berehala" onartzeko. Iker Iribarren bozeramaile popularraren arabera, Erandiok ezin du "iraganeko hirigintza-arauekin" funtzionatzen jarraitu, eta planifikazio faltak "segurtasun juridikorik eza" eta "etengabeko inprobisazioaren sentsazioa" eragiten ditu.

Alderdiak azaldu duenez, egoera hori berriro agerian geratu da Altzaga-Erandiogoikoa errepideko 45. zenbakiko ostalaritza-jarduerari eta hirigintza-hitzarmenari lotutako espedienteagaz. PPren esanetan, gaia maiatzaren 21eko udal batzordean landu zen, eta Gobernu-taldeak ekaineko osoko bilkurara eramateko asmoa du, nahiz eta "bereziki eztabaidatsua" izan eta hirigintza zein auzi judizialen ibilbide luzea izan.

Iribarrenek adierazi du kasu horrek Erandion azken urteetan egon den "planifikazio eta hirigintza-kontrol falta" islatzen duela. Era berean, jarduera horrek urteak daramatzala salatu du administrazio-gatazkak, ustezko handitze irregularrak, auziak eta arazoak pilatzen, udalerriko jarduerak behar bezala ordenatzeko eta kontrolatzeko hirigintza-esparru moderno baten faltagatik.

PPk gogorarazi du, halaber, Erandiok oraindik ere arau subsidiario "zaharkitu eta guztiz gaindituekin" jarraitzen duela, eta horiek ez direla gai udalerriaren gaur egungo beharrei erantzuteko, ez etxebizitzari dagokionez, ezta ekonomia- eta hiri-garapenari dagokionez ere.

Horregatik, alderdiak Gobernu-taldearen jarrera kritikatu du. Iribarrenen esanetan, urteak daramatzate aurrerapenak eta promesak iragartzen, baina horiek ez dira gauzatzen. "Erandiotarrak eta enpresak dira hirigintza blokeatu eta norabiderik gabeko horren ondorioak ordaintzen dituztenak", adierazi du.

PPren ustez, Udalak "berandu eta arazoen atzetik" jarduten du, eta etorkizuna planifikatu beharrean, gatazkak "hitzarmen puntualen bidez" konpontzera mugatzen da. Hori dela eta, behin betiko HAPOa aurkezteko eskatu dio Udal Gobernuari, udalerriaren garapen ordenatua, segurtasun juridikoa eta etorkizuna bermatzeko "funtsezko tresna" dela iritzita.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun