EH Bilduk gardentasuna eta bitartekaritza eskatu ditu Erandioko airearen kalitatearen inguruko eztabaidan

Izaro Garcia 2026ko maiatzaren 26a

EH Bilduk airearen kalitatearen inguruko eztabaida ezin dela itxitzat eman salatu du.

EH Bildu Erandio kezkatuta agertu da Eusko Jaurlaritzak udalerriko airearen kalitateari buruz egindako balorazioaren aurrean. Koalizioaren arabera, Jaurlaritzak aurkeztutako txostenak Herri Bideak Kate Barik zein Auzokoa Auzo Elkarteak bultzatutako eta CSICek gidatutako azterketa independentea zalantzan jarri gura du, eta "kezkatzeko arrazoirik ez dagoela" helarazi.

EH Bilduren ustez, erantzun hori ez da nahikoa, Eusko Jaurlaritzaren txostenak berak aitortzen duelako Erandion emisio-iturri ezberdinak daudela, tartean industria-jarduera, trafikoa eta aireportua. Hori dela eta, koalizioak uste du eztabaida ezin dela itxi araudia betetzen dela esate hutsagaz

Eusko Jaurlaritzaren txostenaren ondorioen arabera, Erandioko airearen kalitatearen zaintza "zabala" da parametroei, maiztasunari eta banaketa espazialari dagokienez, eta Euskadiko Airearen Kalitatea Kontrolatzeko Sareak indarrean dagoen araudia betetzen du. Halaber, txostenak jasotzen du PM10 eta PM2,5 partikulek, baita zenbait metalek ere, araudia betetzen dutela. CSICen azterketari dagokionez, Jaurlaritzak zalantzan jarri du erabilitako ekipamenduengatik, laginketa-baldintzengatik eta metodologia-arazoengatik balio ote duen airearen kalitatearen araudiaren mugak ebaluatzeko.

EH Bilduk, ordea, azpimarratu du eztabaidaren muina ez dela soilik lege-mugak betetzen diren ala ez, herritarrek benetan zer arnasten duten jakitea, egungo neurketek esposizio hori behar bezala islatzen duten argitzea eta urteetan kezka agertu duten auzotarren konfiantza berreskuratzea baizik.

Koalizioak gogorarazi du CSICek bitartekaritza-bide bat proposatu duela, eta proposamen hori Eusko Jaurlaritzari, Erandioko Udalari eta Arartekoari helarazi zaiela. EH Bilduren arabera, Arartekoak begi onez ikusi du aukera hori; Jaurlaritzak eta Udalak, ordea, baztertu egin dute, arazorik dagoenik ukatzen dutelako.

Horregatik, EH Bilduk gardentasuna, bitartekaritza independentea, herritarren parte-hartzea eta osasun publikorako bermeak eskatu ditu. Era berean, herritarrak animatu ditu Auzokoa Auzo Elkarteak eta Herri Bideak Kate Barik elkarteak antolatutako hitzaldian parte hartzera; bertan, CSICeko zientzialariek beren azterketa azalduko baitute.

"Zer arnasten dugun jakin nahi dugu", adierazi du EH Bilduk.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun