Erandio eta Barakaldo lotuko dituen All Iron pasabidea muntatzeari ekin zaio

Xabi Mendia 2026ko maiatzaren 28a

All Iron oinezko eta bizikletentzako pasabidearen eraikuntzak aurrerapauso bat egin du plataformaren lehen zatiaren muntaketaz. Elementuen neurriak eta pisua kontuan hartuta, plangintza zehatza behar izan da piezen garraio-logistika eta muntaketa-maniobra errepide-azpiegituretara egokitzeko eta honelako operazio batek eskatzen dituen baldintzak betetzeko.

Erandio eta Barakaldo lotuko dituen pasabidearen lehenengo piezak 32 metro eta 15 tonako albo-hegal bat da, bigarren pieza, berriz, luzera bereko eta 50 tona inguruko metalezko kaxa bat da. “Pasabidearen muntaketa, behar bada, prozesuaren faserik deigarrienetarikoa da” adierazi du instalazio-lanen hasiera ikustera bertaratu den Carlos Alzaga Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako foru-diputatuak. Horretarako tonaje handiko garabiak eta ekipamendu lagungarri espezializatuak erabiltzen ari dira, pisu eta tamaina handiko elementuak zehaztasun milimetrikoarekin altxatzea edo kokatzea ahalbidetzen baitute.

“352,2 metroko egitura metalikoa da, 10 zutaberen gainean kokatutako kaxoi jarraituko sistemaren bidez eraikia, erdigunean zati mugikor bat duena”

Foru-diputatuak zehaztu bezala, egituraren ikuspegitik, konplexutasun teknikoko maila oso altua da, pasabideak luzetarako eta zeharkako maldak dituen bihurguneko geometria baitu. “Horrez gain, adierazi behar da egitura bao zentraletan ireki egiten dela, tamaina handiko itsasontziak pasa daitezen” zehaztu du.

Pasabide berria jartzeak helburu zehatza du: eguneroko joan-etorriak bizikletaz eta oinez egin daitezen bultzatzea, eta garraio publikoarekiko konektagarritasuna hobetzea. Proiektua mugikortasun-iraunkorra sustatzeko eta ibilgailu pribatuen erabilera eta isurpen kutsatzaileak murrizteko Bizkaiko lurralde-estrategiaren parte da.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun