Elkarbizitza arautzeko ordenantza idazteko prozesu betean dago Sopelako Udala

Ander Zarraga 2026ko ekainaren 4a

Besteak beste, Udalak berdeguneen eta animaliakaz elkarbizitzari buruzko arazoak azaleratu gura dituzte. © SOPELAKO UDALA

Sopelako Udalak Bizikidetza Ordenantza berria idazten jarraitzen du, 2025eko abendutik 2026ko martxora bitartean egindako parte-hartze prozesuan jasotako ekarpenak oinarri hartuta. Udalaren helburua eremu publikoaren erabileran hezkuntza, prebentzioa eta erantzunkidetasuna ardatz izango dituen arau-esparrua diseinatzea da, udalerrian errespetuan eta herriaren zaintzan oinarritutako bizikidetza eredua sendotzeko.

Prozesua bi fasetan egin dute: lehenengoan herritarrek proposamenak egiteko kanal ireki bat izan dute, eta bigarrenean, berriz, parte-hartze saioak egin dituzte merkataritza eta ostalaritzako ordezkariakaz, elkarteakaz eta herritarrakaz, jasotako kezkak kontrastatu eta sakontzeko. Dinamika horretan identifikatutako arazo nagusien artean daude hiri-altzarien hondatzea, espazio publikoetako zikinkeria, grafitiak eta kartelak ugaritzea, zaratak eta mugikortasunak sortzen dituzten gatazkak, eta jai-giroko ekitaldietan instalazioak zein espazio naturalak desegoki erabiltzea. Horiez gain, animaliakaz elkarbizitzari lotutako zailtasunak eta berdeguneak zein ekipamenduak errespetatzeko arazoak ere azaleratu dituzte.

Jasotako ekarpenetan, elkarteek eta herritarrek hezkuntza, kontzientziazioa eta pedagogia lehenetsi dituzte, ingurunea errespetatzeko eta bizikidetza kaltetzen duten jokabideen sustraiak ulertzeko beharra azpimarratuta. Merkataritza eta ostalaritzaren esparrutik, berriz, garbiketa indartzea, segurtasuna hobetzea eta zaintza areagotzea nabarmendu dute, bereziki gaueko ordutegietan. Oro har, adostasun zabala dago zigorrek azken baliabidea izan behar dutela esatean; horren ordez, sentsibilizazio kanpainak, bitartekaritza eta konponketa-neurriak hobesten dituzte, kaltea egin duenak berak konpontzea bezalako formulak barne. Hala ere, parte-hartze prozesuak agerian utzi du eztabaida irekia dagoela ordenantzaren beraren paperari buruz: batzuek kontzientziazioa indartzea nahikotzat jotzen duten bitartean, beste batzuek arau argiak eta ikuspegi pedagogikoa uztartuko dituen erregulazioa beharrezkotzat ikusten dute.

Udalak positibotzat jo du parte-hartze maila eta azpimarratu du jasotako ekarpenak baliagarriak izango direla benetako beharrak jasoko dituen zirriborroa osatzeko. Hurrengo fasean, testu hori aurkeztu egingo dute, erakundeakaz baliozkotu eta herritarrakaz kontrastatzeko; gaur egun, zirriborroa idazteko lanetan dabiltza. Informazio gehiago eta prozesuaren xehetasunak udalaren webgunean daude eskuragarri.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun