Sindikatuak gogorarazi duenez, duela aste batzuk Erandion eta Astrabuduan etxegabetzeen aurka antolatutako protestetan izandako errepresioa salatu zuten; hau da, hainbat isun, bi atxilotu eta 30 pertsona baino gehiago identifikatu zituztela azaldu zuten. Horri gehitu behar zaizkio CaixaBanken bulegoetan egindako protestengatik jarritako milaka euroko isunak.

Joan den astean, gainera, azaroan Erandion izandako etxegabetzeak geldiarazten saiatzeagatik ezarritako isunen berri izan zutela jakinarazi dute. Kasu horretan, guztira, 18.000 euroko zehapenak direla azaldu dute.
Etxebizitza Sindikatua Uribe Kostaren ustez, isun horiek etxebizitzaren aldeko antolakuntza eta protesta soziala geldiarazteko saiakera dira. "Isilik eta antolatu gabe nahi gaituzte", salatu dute, eta argi utzi dute errepresioaren aurrean etxegabetzeen aurka mobilizatzen eta bankuen zein jabeen ardura seinalatzen jarraituko dutela.
Egoerari aurre egiteko, diru-bilketa kanpaina jarri dute martxan, eta uda osoan zehar egongo da zabalik. Uribe Kostako jaietan ere presente egongo direla iragarri dute, isunei aurre egiteko kamisetak eta boletoak salduz. Horrez gain, sindikatua zuzenean laguntzeko aukera ere zabaldu dute, kontu korronte bidezko ekarpenak eginda.
"Etxebizitzaren aldeko borrokan, errepresiorik ez!" aldarrikatu dute.