Epaitegi batek bertan behera utzi du Erandioko Udalak Jado Fundazioagaz sinatutako hitzarmena

Ander Zarraga 2026ko ekainaren 25a

Fotomuntaketa honek Tartanga ingurua berdeguneakaz eta skate park bategaz nolakoa izango litzatekeen erakusten du. © ERANDIOKO UDALA

Bilboko Instantzia Auzitegiko Administrazioarekiko Auzien Hirugarren Atalak bertan behera utzi du Erandioko Udalak eta Jado Fundazioak duela bi urte sinatutako hitzarmena. Akordio horren bidez, Udalak Tartangan fundazioak zituen 3.500 metro koadro inguruko lurrak eta pabiloiak eskuratu gura zituen, milioi bat euro ingururen truke; horietatik 800.000 euro lur eta eraikinen transmisioari zegozkion, eta gainerako 200.000 euroak kalte-ordainei.

EAJk eta PSE-EEk osatutako Erandioko gobernu-taldeak akordioaren bidez denboran luzatutako egoera bat arautu gura zuen hitzarmen horren bitartez, Udalak azken 30 urteetan lursail horiek erabili baititu lagapen ofizialik gabe. Halaber, Tartangako eremuan erabilera publikoetarako lur berde berriak lortu eta Jado ikastetxearen egungo hezkuntza-erabilerak hara lekualdatzea aurreikusten zuen hitzarmenak. Horren truke, Altzagako 14. zenbakian fundazioak dituen gaur egungo lursailen planeamendua aldatzea jasotzen zen, etorkizunean egoitza bat edo eguneko zentro bat eraiki ahal izateko.

Epailearen arabera, hitzarmenak ez zuen beharrezko memoria justifikatiborik, eta dokumentu horretan aztertu behar ziren, besteak beste, akordioaren beharra eta egokitasuna, eragin ekonomikoa, jardueraren izaera ez-kontraktuala eta legeak ezarritakoa betetzen zen ala ez. Horren aurrean, Udalak defendatu du izapide eta txosten guztiak bete zirela, memoria hori ez zela nahitaezkoa eta lursailak ez zirela aurretik udalarenak, ezta desjabetuta ere, prozedurak ez zirelako amaierara iritsi.

Auzia EH Bilduk eraman zuen epaitegietara

Koalizioaren ustez, akordioa ez zen lur-salmenta soil bat, baizik eta zor zaharrak, diru publikoaren konpromisoa, errenta pribatuen mantentzea eta etorkizuneko hirigintza-arriskuak nahasten zituen operazioa. EH Bilduk argudiatu zuen lursail batzuk Udalaren esku zeudela daborduko, edo herritarrek eremu publiko gisa erabiltzen zituztela, eta ez zela behar bezala justifikatu Erandiok zer irabazten zuen hitzarmenagaz.

Udalak, berriz, proiektuaren aurkezpenean adierazi zuen Altzagako gune horri berdeguneak eta erabilera publikoko espazio berriak ematea zela asmoa, auzoa "atseginagoa eta modernoagoa" bihurtzeko. Besteak beste, kirol-eremu bat, skate park bat, bizikletentzako edo patinentzako zirkuitu bat, edota igerileku irekiak egiteko aukera aipatu zen, betiere herritarren parte-hartzerako prozesu baten bidez zehazteko. Udalbatzak erabaki beharko du orain epaia helegitea aurkeztu edo ez.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun