Iturri desberdinen arabera, polizia-erregistroa 05:00ak pasatxo hasi zuten, atxilotutako pertsona batzuen aurrean, eta 14:15ak aldera amaitu. Espainiako Poliziako hainbat agente ibili ziren auzoan, bereziki Madaripe eta Etxegorri kaleetako etxebizitzetan.
Erregistroetan, agenteek hainbat kutxa atera zituzten, barruan zer material zegoen zehaztu gabe. Ikerketako iturriek azaldu dutenez, Madrilgo epaitegi batek agindutako operazioa da, baina ez dute informazio gehiago eman, auzia sekretupean dagoelako.
Astrabuduako esku-hartzeaz gainera, operazioa Bizkaiko beste puntu batzuetara ere zabaldu da. Oraingoz, ez dute jakinarazi zenbat lagun atxilotu dituzten guztira, ezta operazio judizialaren izaera zehatza ere.