3.000 sinadura baino gehiago bildu dituzte Erandion aparkalekuen plan integrala eskatzeko

Izaro Garcia 2026ko uztailaren 14a

Herri-plataformaren ustez TAO ez da nahikoa izango aparkalekuen arazoari irtenbidea emateko.

Erandion aparkalekuen arazoari irtenbidea emateko eskariak indarra hartu du. Aparkamendu Solucion herri-plataformak 3.000 sinadura baino gehiago bildu ditu udalerri osorako aparkalekuen plan integrala eskatzeko, eta datorren irailean proposamena udalbatzara eramatea aurreikusten du.

Lortutako babesari esker,erroldatutako biztanleen % 10 baino gehiago, herri-ekimenak udal osoko bilkuran eztabaidatzeko baldintzak betetzen ditu.

Plataformaren ustez, Erandion aparkalekuen eskaintza eta benetako beharrak aztertuko dituen diagnosi oso bat egitea ezinbestekoa da. Horren bidez, bizilagunen beharrei ez ezik, egunero lanera, erosketak egitera edo zerbitzuak erabiltzera herrira doazenen mugikortasunari ere erantzun gura diote.

Aparkaleku gehiago gal daitezkeela ohartarazi dute

Plataformak salatu du azken hilabeteotan hainbat aparkaleku desagertu direla edo desagertzeko arriskuan daudela. Bereziki kezkatzen ditu gaur egun behin-behinean erabiltzen diren eremuak etorkizunean galdu ahal izateak; hala nola azoka ingurua, Caesa, Tartanga, Astrabuduako metroaren ondoko gunea eta Alkonena. Haien kalkuluen arabera, guztira 1.500 aparkaleku baino gehiago daude jokoan.

Udalak, ordea, behin-behineko gune horiek, gutxienez, datozen hiru urteetan erabilgarri mantenduko direla adierazi du.

Hala ere, plataformak uste du ezin dela itxaron plaza horiek galdu arte irtenbideak bilatzen hasteko. Horregatik, epe luzerako plangintza eskatu du.

TAOren ordenantza ere bidean da

Aparkalekuen inguruko eztabaida OTAren etorkizuneko ordenantzaren izapidetzeagaz batera dator. Duela hilabete eta erdi, Erandioko Udalak espediente administratiboa eta beharrezko aurrekontu-partida martxan jartzea onartu zuen.

Prozesuak 250 ekarpen inguru jaso ditu herritarren eta elkarteen aldetik. Horien artean daude erroldatutako herritarrentzat TAO doakoa izatea (edo, gutxienez, prezio sinbolikoa izatea) eta egoiliarrek udalerriko gune arautu guztietan aparkatu ahal izatea.

Udal gobernuak TAO, batez ere, aparkatzeko arazo handienak dituzten auzoetan ezarriko dela aurreratu du: Altzagan, Astrabuduan, Lutxanan eta Enekurin. Udalaren datuen arabera, auzo horietan aparkatuta dauden ibilgailuen zati handi bat Erandiotik kanpoko jabeena da; esaterako, Enekurin % 83,6, Lutxanan % 67,1, Altzagan % 46,4 eta Astrabuduan % 42,3.

Herri-plataformaren ustez, ordea, TAO ez da nahikoa izango aparkalekuen arazoari irtenbidea emateko, eta udalerri osoa kontuan hartuko duen estrategia zabalago baten alde egin du.

 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun