Udako jaiak 2026

Ulpiano astrabuduar guztiak batzeko prest dago berriz

Laura Fontalba Colomo 2026ko abuztuaren 4a

Erandioko San Lorentzo jaietan badago mundu guztiak ezagutzen duen norbait: Ulpiano. Astotxo hori jaien ikurra da eta, urte osoa mendian pasa eta gero, herrira jaisten da auzoko jaiak ospatzera. Onintze Garcia jai-batzordeko kidea da, beraz, primeran daki zein den Ulpianoren garrantzia.

Garciak azaldu duen moduan, urtero bilatzen dute abuztuko arratsalde bero-bero batean buru handi hori jartzera ausartzen den edonor. Denboragaz adosten duten zerbait badirudi ere, azken momentuan erabakitzen duten gaia dela aitortu du: "Beti egoten gara azken momentuan norbait topa nahian; eskerrak Astrabun jendeak oso bihotz ona duela eta beti topatzen dugula norbait buru hori janzteko prest dagoena".

Garciak jakinarazi duenez, Ulpiano ulertzeko bi modu daude. Alde batetik, pertsonai moduan, gorpuztu eta ikusten dugun astotxo hori; eta, bestetik, Ulpiano kontzeptu gisa; jai-batzordeko kideak babesten, sostengatzen, eta horren atzean lanean ibiltzen diren Ulpianok gorpuzten duen kontzeptu hori. "Urte osoan zehar lan egiten dugu jaiak aurrera ateratzeko eta Ulpiano gorpuztu ahal izateko", adierazi du.

Jai-batzordeko kideak azaldu duenez, orain dela urte asko herriko pegatinak egiteko proposamena egin zuten. Hori dela eta, tipo bat agertu zen hainbat diseinugaz; eta horien artean astotxo bat agertu zen: "Hasieran, marrazki zuri bat zen; gero, izena jarri zioten, eta ezagunagoa bilakatzen hasi zen; urtero jartzen zuten ikur berdina pegatinetan, eta, azkenean, jendea Ulpianoren pertsonai hori eraikitzen hasi zen. Horrela sortu zen". Horri esker, orain, Ulpiano ez da ba- karrik sanlorentzoetako jaien ikurra, baizik eta munduko astorik famatuena bihurtu da.

Ulpianok azaldu duenez, aurten ere giro eta sentipen hoberenak eramango ditu sanlorentzoetako jaietara. Oroipen hoberenak sortzea ez da lan erraza, baina, berak adierazi duen bezala, jaiaren arima izateko erabat prest dago; izan ere, munduko astorik ospetsuena da, eta hori erakusteko beharra du.

Nolakoa da munduko astorik famatuena izatea? Harro sentitzen zara?

Ai ama! Eskerrak konturatu zaretela ni naizela munduko astorik ospetsuena. Zuek ez dakizue, baina urteak daramatzat Naporekin eztabaidan ea bietatik nor den ospetsuena. Eskertzekoa da jendea konturatzen joan dela nor naizela astorik ospetsuena. Egia da Napok Mari Domingiri eta Olentzerori laguntzen diela opariak eramaten urtean gau batez, eta hori oso lan ona da, ez dut ukatuko. Aldiz, nik Astrabudura festa eta giro ona ekartzen ditut, lagunekin eta familiarekin momentu ahaztezinak sortzen ditut eta hori, nire ustez, oparirik handiena da: elkarrekin egotea, ondo pasatzea, barre egitea eta auzoaz gozatzea. Azkenean, hori ezin da pakete batean sartu, eta, bai, harro nago uste dudalako eraikitzen ditudan momentu horiek oso esanguratsuak izaten direla astrabuduko herritarren bizitzetan.

Aurtengo egitarauan zein da gehien gustukoen jarduera?
Aurtengo egitarautik gehien gustatzen zaidana txikiei ongi-etorria egitea da. Urtero astrabuduar berriei ongi-etorria egiten diet. Hau da, urte honetan zehar, mendian egon naizen bitartean, jaio diren astrabuduko kide guztiei ongi etorria egiten diet, eta euren izena eta jaiotza datarekin zapitxo bat oparitzen diet. Oso momentu berezia da niretzat, oso hunkigarria izaten delako astrabuduar berriei aurpegia jartzea, nire eskuetan hartzea... Asko gozatzen dudan momentua da.
 
Txapelketetan parte hartuko duzu edo gauean zehar aterako zara?

Zein izango da zure papera? Uf, ez-ez. Nik kuadrillen arteko jaietako txapelketetan ez dut parte hartuko. Nik nahiago dut gauean ateratzea eta lagunekin gozatzea. Uf, txapelketa kontuak kuadrillako kideei utziko dizkiet.

Sanlorentzoetako jaien zeinu garrantzitsuena izanda, zein da zure erronka edo helburu nagusiena?

Jaien ikur ezagutzenetariko batek duen erronkarik garrantzitsuena da jendeari ikustaraztea pertsonaiatik haratago adierazi nahi dudan hori. Esan bezala, astrabuduko auzotarrak elkartzeko aitzakia ematea da nire jaietako helburua. Azkenean, ezin dugu ahaztu urtean zehar auzotar batzuek egindako lanari esker etortzen naizela, niretzako bidea marrazten eta erraztasunak ipintzen egon direlako, nik herritarrokin gozatu ahal izateko.

 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun