Erandiok etxebizitza-eremu tentsionatu izendatzeko eskatu dio Eusko Jaurlaritzari

Izaro Garcia 2026ko abuztuaren 4a

Azken hamar urteetan Erandioko etxebizitza kopurua %6,2 hazi da.

Erandioko Udalak beste urrats bat eman du etxebizitzaren arazoari aurre egiteko. Gobernu-taldeak Eusko Jaurlaritzari eskatu dio udalerria etxebizitza-eremu tentsionatu izendatzeko, alokairuen prezioaren gorakadari eutsi eta herritarrei etxebizitza eskuratzea errazteko.

Eskaera udalaren etxebizitza-planaren barruan kokatzen da. Izan ere, Udalak egindako azken azterlanak ondorioztatu du etxebizitza gehiago eraiki diren arren, eskaintza ez dela nahikoa gaur egungo eskariari erantzuteko. Egoera horrek bereziki gazteei eragiten die, emantzipatzeko gero eta zailtasun handiagoak baitituzte.

Azken hamar urteetan Erandioko etxebizitza kopurua %6,2 hazi da, Bizkaiko eta Euskadiko batez bestekoaren gainetik. Hala ere, datuek erakusten dute etxebizitza berriak ez direla nahikoak izan merkatuaren presioa arintzeko. 2025eko lehen hiru hiruhilekoetan 359 etxebizitza salerosi ziren, eta metro koadroaren batez besteko prezioa 2.660 eurokoa izan zen.

Alokairuaren prezioa ere kezka iturri da. 2024aren amaieran, hileko batez besteko errenta 739 eurokoa zen, eta urte horretan sinatutako kontratu berrietan 762 eurora igo zen. Inguruko udalerrietako prezioak baino baxuagoak diren arren, Udalak merkatuan esku hartu eta etorkizuneko garestitzea saihesteko unea iritsi dela uste du.

Eztabaida zaharra, berriz mahai gainean

Etxebizitza-eremu tentsionatuaren auzia ez da berria Erandion. EH Bilduk gogorarazi du 2024an Elkarrekin Podemosegaz batera prozedura hori abiatzea proposatu zuela, baina gobernu-taldeak ez zuela onartu. Horren ordez, alokairu publikoa sustatzeko, etxebizitza hutsak Bizigune programara bideratzeko eta presio handiena duten eremuak aztertzeko neurriak onartu ziren.

Koalizioaren ustez, ordea, neurri horiek ez dira nahikoak izan. Salatu du alokairuak familia askoren diru-sarreren %70 baino gehiago irensten duela eta 1.000 lagunetik gora daudela Etxebiden etxebizitza baten zain.

Etxebizitza hutsei IBIaren %50eko errekargua

Etxebizitza hutsak merkatura ateratzeko asmoz, Udalak beste neurri bat ere jarriko du martxan. Hutsik dauden 300 etxebizitzari %50eko IBI-errekargua ezarriko die, jabeei jakinarazteko prozesua amaitu ondoren. Joan den martxoan, erroldarik ez zuten 800 etxebizitza ingururen jabeei gutunak bidali zizkien neurri berriaren berri emateko.

Horrela, Udalak uste du etxebizitza huts gehiago alokairu-merkatura bideratu ahal izango direla, eta horrek eskaintza handitzen lagunduko duela.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun