Alderdiak sare sozialetan zabaldutako oharrean adierazi duenez, Jado kaleko hesiak larrialdi-zerbitzu baten lana oztopatu zuen. EH Bilduren arabera, egoera hori behin baino gehiagotan ohartarazi zuten udaleko batzordeetan, baina ez zen neurririk hartu.
"Komisioan behin eta berriz ohartarazi genuen. Eta azkenean gertatu da", adierazi du koalizioak, udal gobernuari aurreikuspen falta egotziz.
Horren harira, EH Bilduk Lurralde zinegotziaren dimisioa eskatu du, gertatutakoak erantzukizun politikoak eskatzen dituela uste baitu. Gainera, gogorarazi du larrialdi egoera batean "minutu bakoitzak balio" duela, eta horrelako oztopoek ondorio larriak izan ditzaketela.
Momentuz, Erandioko Udalak ez du gertakariaren inguruko adierazpenik egin.