Lutxana eta Erandio arteko metroak ohiko abiadura berreskuratuko du

Izaro Garcia 2026ko abuztuaren 14a

Bide berriak erabiltzaileen bidaietan ere eragina izango du.

Urtebete baino gehiagoko lanen ondoren, Lutxana eta Erandio arteko metroaren ibilbidea normaltasunera itzuliko da. Bizkaiko Garraio Partzuergoak 2025eko apirilaren 25ean hasi zituen trenbidea berritzeko lanak, eta denbora horretan metroaren zirkulazioa eta ohiko maiztasuna mantendu dituzte, erabiltzaileei ahalik eta gutxien eragiteko.

Obrek iraun duten bitartean, trenek abiadura murriztu behar izan dute Lutxana eta Erandio arteko tartean. Horrek 90 segundo inguruko atzerapenak eragin ditu bidaietan. Lanak amaituta, ordea, abiadura-muga hori kenduko dute eta bi noranzkoetan ohiko bidaia-denborak berreskuratuko dira.

Bidaia erosoagoak eta zarata gutxiago

Trenbidea berritzea Metro Bilbaok egiten dituen ohiko mantentze-lanen parte da. Kasu honetan, etengabeko erabileraren ondorioz higatutako elementuak ordezkatu dituzte, zerbitzuaren funtzionamendua eta jarraitutasuna bermatzeko.

Bide berriak erabiltzaileen bidaietan ere  eragina izango du: bibrazioak eta mugimendu zakarrak murriztuko ditu eta, ondorioz, metroan bidaiatzea erosoagoa izango da. Era berean, mantentze-lanen eta larrialdiko konponketen kostuak gutxitzea eta trenen joan-etorriek sortzen duten zarata apaltzea espero dute.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun