Aldarrikapena ez da berria. Atxazpe mendi taldea bezalako herriko eragileek ere eskatu izan dute frontoia aurretik, eta, sustatzaileen esanetan, auzoan espazio estali zabal bat izateko beharra gero eta zabalduago dago herritarren artean.
Horren aurrean, Erandioko Udalak Jose Andres Mendiguren plaza estaltzeko duen asmoa ez dute konponbide egokitzat jotzen. Haien ustez, estalkiak gaur egun plaza zabal eta irekia den espazioa baldintzatuko luke eta, gainera, ez luke bermatuko euria sartuko ez denik. Horren adibide gisa, Sestaon antzeko estalki bategaz gertatzen dena aipatu dute.
Kirolerako baino askoz gehiagorako
Herritarrek defendatu dutenez, frontoi estali batek kirol eskaintza handitzeaz gain, auzoko topagune izateko aukera ere emango luke. Herri-bazkariak, antzerkiak, dantza-erakustaldiak, kontzertuak, inauterietako ekitaldiak eta bestelako jarduerak egin ahal izango lirateke bertan urte osoan zehar.
Auzoko kultur taldeek eta jai-batzordeak ere erabili ahal izango lukete, batez ere eguraldi txarrak kaleko jarduerak egitea eragozten duenean. Horrez gain, Ignacio Aldekoa ikastetxearentzat ere baliagarria izan daitekeela uste dute.
"Astrabuduak frontoi bat merezi du, duen kultur bizitza oparoagatik", aldarrikatu dute sustatzaileek. Haien ustez, azpiegiturak auzoko kirol eskaintza osatzeaz gain, herritarren arteko harremanak eta Astrabuduko kultur zein gizarte bizitza indartzeko balioko luke.
Eskaria indartzeko, sinadura bilketa abiatu dute Change.org plataforman, Astrabuduak bere frontoia izenburupean. Auzotarrei eta aldarrikapenagaz bat egiten duten gainerako herritarrei ekimena babesteko deia egin diete.