Erandioko Tartanga Institutuko ikasleen parte-hartzea duen dokumentala Mexikon estreinatuko dute

Laura Fontalba Colomo

Idoia Errexilek zuzendutako Historias Emigrantes dokumentala Mexiko Hiriko Contra el Silencio Todas las Voces dokumental sozialen jaialdian estreinatuko dute irailaren 12an. Joseba Gorordok editatutako dokumentalak Erandioko Tartanga Institutuko Gizarte Integrazioko ikasleen parte-hartzea izan du, eta migrazioaren inguruko hainbat lekukotza eta esperientzia bildu ditu.

Jakinarazi dutenez, dokumentala Fronteras, Migraciones y Exilios jaialdiaren sailean hautatu dute. Antolatzaileen fitxa ofizialaren arabera, 2025ean egindako 36 minutuko lana da, eta aurtengo hautaketa ofiziala osatzen duten 164 dokumentaletako bat. Jaialdiaren XIV. edizioak 1.177 lan jaso ditu guztira, eta irailaren 4tik 12ra egingo dute Mexiko Hirian.

Historias Emigrantes dokumentalak Latinoamerikako ikasleen testigantzak, 1960ko hamarkadan Bilbora iritsitako migratzaileen bizipenak, Erandioko CEPAko kideen esperientziak eta Nishma Elkarte pro-sahararraren ahotsa uztartzen ditu. Gainera, Fatma Galia poeta sahararraren parte-hartzea ere jasotzen duela nabarmendu dute. Egileek azaldu dutenez, euren asmoa migrazioa mehatxu gisa ikusi beharren, egungo gizartearen parte den errealitate gisa aurkeztea da.

Jaialdia 2000. urtean sortu zen, dokumental sozial eta independenteei zabalkunderako espazioa eskaintzeko helburuagaz. Dokumentalaren emanaldia irailaren 12an, 12:00etan, Cineteca Nacional de las Artesen izango da. Egun garrantzitsu horretan, Errexil eta Gorordo bertan egongo dira, ikusleekaz solasean aritzeko.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun