Tartangako ehun bat bizilagunek bitartekaritza eskatu dute euren etxebizitzetan jarraitzeko

Laura Fontalba Colomo

Tartanga kalea. ©ERANDIOKO UDALA

Kaltetutako ehun bat lagun elkartu dira Plataforma de los Ochos izeneko taldean. Horregaz, erakundeen esku-hartzea eskatu dute euren etxebizitzak erosi dituen Mosaic Propco S.L.U. sozietateagaz negoziazio kolektiboa abiatzeko. 

Tartangako etxebizitzak InmoCaixarenak ziren, baina, 2024an, hainbat bloke Mosaic Propcoren esku geratu ziren, guztira 150 bat alokairu-etxebizitza. Auzokideek azaldu dutenez, zenbait maizterri kontratua amaitzen denean etxea utzi beharko dutela jakinarazi diete, eta beste batzuei etxebizitza ia 300.000 euroren truke erosteko aukera eskaini diete. Era berean, kontratua amaitu aurretik alde egitearen truke 12.000 eta 15.000 euro arteko kalte-ordainak eskaini dizkietela salatu dute. 

Horren aurrean, kaltetuek erakundeei bitartekaritza-lana egiteko eskatu diete, Mosaic Propcogaz harreman zuzena ireki eta irtenbide kolektiboa negoziatu ahal izateko. Iñigo Alonso plataformako ordezkari juridiko eta LABeko kideak azaldu duenez, oraingoz ez dute enpresagaz zuzeneko harremanik izan. Auzokideen asmoa euren etxebizitzetan geratzeko aukerak negoziatzea da.

Gainera, jakinarazi dutenez, irailean, Aitziber Oliban alkatea bizilagunekaz harremanetan jarri zen eta Udalak bileretarako espazioa utzi zien. Hala ere, plataformak erakundeei "konpromiso zehatzak" eta egoerari aurre egiteko ibilbide-orri bat eskatu dizkie.

LABek azaldu duenez, bide judiziala ere zabalik dute; izan ere, demanda kolektiboa aurkeztu dute etxebizitzen salmentaren aurka: InmoCaixak maizterren tanteo- eta atzera-eskuratze eskubidea errespetatu ez zuela argudiatuta. Kaltetuen arabera, etxebizitzak blokean saldu aurretik, maizterrei horiek erosteko aukera eskaini behar zitzaien. 

Hori guztia dela eta, kaltetuek mobilizatzen eta negoziazio kolektiboa lortzeko lanean jarraituko dutela iragarri dute.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun