Gaur amaitzen da Erandioko Gazte Kontseiluaren bigarren edizioan izena emateko epea

Laura Fontalba Colomo

Bigarren edizioa abiatuta, Udalak 3.000 euroko aurrekontua jarriko du gazteen esku, eurek sortutako ideiak, jarduerak edo proiektuak gauzatzeko. Gaur amaituko da Kontseiluan izena emateko epea. 

Deialdiak dioenez, 16 eta 29 urte arteko gazteei zuzenduta dago, 20-30 laguneko talde anitza osatzeko asmoz, adin, jatorri, erlijio, sinesmen, gaitasun eta genero-identitate desberdinak ordezkatuta egon daitezen. Helburua gazteek iritzia eman, ideiak proposatu, eztabaidatu eta erabakiak hartzea da.

Aurreko edizioan, Udalak gazteentzako urte osoko agenda bat ere jarri zuen martxan: Beldur Gaua, Santo Tomas, eski irteera, Gasteizera izotz-patinatzera joateko irteera, Sobrongo 'via ferrata' eta piraguismoa, eta Kirol Gaua bezalako jarduerak. Kontseiluaren egitekoa agenda hori ere gazteen proposamenakaz osatzea zen.

Erandioko Gazte Kontseilua

Erandioko Gazte Kontseilua 2025ean sortu zuten, gazteei udal erabakietan parte hartzeko espazio propioa emateko. Lehen edizioan 16 eta 29 urte arteko gazteei zuzendu zieten, eta hasieran 20-30 laguneko taldea osatzea aurreikusten bazuten ere, 56 pertsonak eman zuten izena. 

Kontseiluaren arabera, bertan parte hartzen dutenak gazteentzako jarduerak eta hobekuntzak proposatu, udal-bizitzan parte hartu, inguruko espazio eta baliabideetan eragin, ekitaldiak antolatu eta gazteria Udalaren aurrean ordezkatu ahal izango dute. 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun